Elurretako aurtengo azken irteerak
Eski estazioak itxita daude baina oraindik elur asko dago mendietan. Eguraldiaren iragarpen ona ikusirik Pirineora abiatu naiz eskiatzeko asmotan. Zuzenean Astunera joan eta eguerdian hasi naiz mendian gora. Ia jenderik ez dabil eta Astuneko eski estazioak ez du ohiko itxura. Pico Malacara aldera jo dut baina, azkenean, elur-jauziak ikusi ditut eta Truchasen gelditu naiz.
Bero egiten du eta gozatzen ari naiz. Gero behera, baina bide erdian gelditu eta larruak jarri ondoren, berriz gora. Anayeten aurrekaldera. Orain bai, orain beherako bidea hartu dut. Urteko jeitsierarik ederrenetakoa izan da. Bakar-bakarrik eskiatzeak kriston gozatua ematen du. Kotxera iristean, aparkalekuan, ni bezalako txoro batekin egin dut topo. Eskiatzera doa orain. Nire adina du eta zartadia ere antzekoa. Durangoko Altzola da bera. Honekin dena esanda omen dago. Segi horrela gozatzen eta ea beste nonbaiten topatzen garan.
Hurrengo egunean Portalet aldera joatea erabaki dut aspaldi ez naiz ibili hortik eta. Formigaleko azken aparkalekura iritsi ondoren abiatu naiz goruntza. Espelunciechako inguru hau gustoko dut eta nahiko erraza da. Frantses batzuek ere asmo bera daukate baina bakoitza bere aldetik goaz. Haiek alde batera eta ni bestera. Nire helburua Espelunciechako lepoa hartu eta 2.315 mko gailurrera iristea da. Ez da zaila. Eski markak jarraitu ditut hasieran baina azken partean eskubitik inguratu dut mendia eta nire lorratzat daude bakarrak. Gora iristean Anayet daukat aurrez aurre.
Zerbait jan eta edan ondoren patxadaz hartu dut jeitsiera, gozatuz. Hasierako pala oso ondo dago baina gero elurra aldatuta dago eta ez da erraza ondo biratzea. Aurtengo azken jeitsiera delakoan penaz sartu ditu eskiak furgonan. Datorren urtean gehiago. Hala bedi.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: