Covaleda inguruan

Alberto Ibiltarixanak | 2014-07-01 00:00

Gosaldu eta lasai atera gara. Gaurko plana eguerdira arte ibili eta bazkalordurako bukatzea da. Hasi eta berehala okerreko bidea hartu dugu eta betiko eztabaida sorrarazi digu: tracka zein aldetara hartu behar dugu. Zuzen du ondoren Covaledako kanpinetik pasa gara. Kanpina toki ederrean dago, erreka ondoan eta arbola artean.

Gero pista jarraituz aldapa gogor bati ekin diogu. Hanka lurrera bota gabe igo daiteke baina izerdia majo bota dugu mendiaren gaina hartu arte. Antenaz jositako lekua da gailurra baina ikuspegi ederra ikus daiteke bertatik.

Beherakoan bide polita jarraitu dugu basoan zehar pista batera iritsi arte. Une honetan beste eztabaida bat sortu da: larunbatean hemendik pasa ote ginen ala ez. Batzuk baietz besteek ezetz. Apostuak ere tarteko. Azkenean Eliseok arrazoia, puntu honetatik pasa ginen lehen egunean. Pistatik zehar beherantza azkar jeitsi gara eta bidegurutze batean gelditu gara zerbait jatera.

Aurrerantzean bidea nahiko erreza da eta, errepidera irten garenez, oso azkar egin ditugu ondorengo kilometroak. Errepideak gora egiten du eta mendatea luzea da. Cabeza Alta izeneko begiratokira iritsi gara eta ikuspegiaz gozatuz atseden txikia hartu dugu. Baina aldapa ez da bukatu. Oraindik igoera ederra gelditzen zaigu eta halako batean beherako bidea hartu dugu.

Jeitsiera azkar baten ondoren Duruelo ingurura iritsi gara eta hemendik, bidexka batetik zehar, Duero errekari jarraituz, Covaledarantz hartu dugu. Hau izan da tarterik politena. Ibilbidea erraz egin daiteke eta ikusgarria da. Aurrera goazela Antxonen bizikletak zulatua izan du eta konpontzen gaudela betiko eztabaida sortu da: tubelessa bi ala ez.

Halako batean une berezira iritsi gara. Garai bateko oroitarriak daude zelai batean eta kuriosoa iruditu zaigu. Gerturatzean sekulako sorpresa: gerra ondorenean Francoren oroimenez eraikitako monumentuak dira. JONSeko kanpamendua izango zen baina egun oraindik zutik dirau eta ez dirudi botatzeko asmorik dutenik. Harrigarria benetan, ala ez?


Utzi iruzkina: