Cadi eta Comabona

Alberto Ibiltarixanak | 2012-07-17 23:14

 Gaurkoa ere lehen egunekoaren antzekoa da, duatloia. Martinet herrira joan gara autoz eta han hasi dugu etapa. Errepidez Montella herrira igo dugu eta han, Prat d'Aguiló izeneko aterpera doan bideari ekin diogu. Pista ez da oso txarra, baina aldapa gogorrak dauzka eta, une batzuetan, zementozkoa da, aldapa gogortzen den seinale.

Aterpera iritsi garenean aurrez aurre daukagu Cadi mendizerra eta garagardoa edan ondoren, oinetakoak aldatu eta oinezko bideari ekin diogu. Hiru ordu laurdenean lepora iritsi gara eta beste ordu erdian Comabonaren gailurra (2.560 m.) harrapatu dugu. Hango ikuspegia zoragarria da eta lasai hartu dugu mendiez gozatuz. Pedraforca ere aurrez aurre daukagu eta oso ondo ikusten da bigarren egunean egin genuen ibilbidea. Jaitsiera azkartxoago egin dugu eta aterpera iristean bazkari legea bete dugu.

Berriz bizikletak hartu eta beherantzako bidean jarri gara abiada azkarrean. Montella herrira iritsi baino lehen Eliseok egin du zulatua eta tubeless gurpilak dauzkanez, adarra jotzeko aukera izan dugu, bezperan Martíri esaten ziolako inoiz ez direla zulatzen. Azken zatian haize beroak eman digu aurpegira eta eskerrak beherakoan izan den, bestela ez ginen inoiz iritsiko. Autora sartu eta abiatzeaz bat trumoi-zaparrada bota du eta kriston zortea dugula esanez amaitu dugu kanpineko piszinan bainua hartuz. Pena da gaurkoa azken eguna dela eta bihar etxerako bidea hartu behar dugula. Luzatzeko tentazioa ere izan dugu, baina hobe da horrela amaitzea eta aho-zapore ederrarekin joango gara etxera. Orain, datorren urteko plana egiten hasi beharra daukagu. Ea nora goazen.


Utzi iruzkina: