Aspe mendia
Aspaldi mendian egon barik nago eta Aspe igotzeko asmoarekin irten gara Jon anaia, Leire iloba eta ni. Aisako Napazaletik abiatu gara, 9:00etarako, goizeko freskura aprobetxatuz. Behientzako aska hutsik dago eta iturria lehor. Ez dugu ur asko hartu eta dagoenarekin konponduko gara. Hemendik aurrera aldapa gogortzen hasi da eta erritmoa gure neurrira egokitu dugu. Jonek ez du aldapa gogorrik igo eta Aspe igotzeari lehen aldiz ekin diotela ikusiz, ez goaz azkar, baina ez da erritmo txarra.
Goiko harri tartera iritsi garenean ezker aldetik jo dugu mugarriak jarraituz. Bidean bikote bat bakarrik ikusi dugu eta aisa aurreratu ditugu. Lehen Lepora iristean ikuspegia erabat aldatu da. Ipar aldeko mendiak aurrez aurre dauzkagu eta Estanes aldea ere bistan dago. Aurrera jarraituz laster iritsi gara bigarren lepora. Hemendik Candanchu eta Astun ere ikusten dira. Taldetxo bat dator iparraldetik lepora bidean eta guk azken zatiari ekin diogu.
Berehala iritsi gara gailurrera. Haizeak hegotik gogor jotzen du eta gainetik zerbait jarri beharra daukagu babesteko. Halere ni ohituta nago eta ez dut behar ezer oraingoz. Bitartean taldetxoa iritsi da eta baita beste azpeitiar bat ere. Besteak frantsesak dira. Jon eta Leirek lehen aldiz igo dute eta altuera garaiena da beraientzat. Leirek behean txanpaina ordaindu beharko du. Zerbait jan, azken tragoak eman eta argazkiak atera ondoren beherako bideari ekin diogu. Lepoa pasa ondoren beste bide batetik goaz, beste mugarri batzuk jarraituz baina gero berriz elkartuko gara igoerako bidearekin.
Poliki-poliki, altuera galduz, bidearen estugunera iristen ari gara. Jaitsiera ez dugu askoz azkarrago egin. Nire belaunak ez daude harrokeriatarako eta lasai egin dugu alde gogorrena, bastoien laguntzaz. Hala ere, bost ordutan autoraino iritsi gara eta Aisara iristean trago bat hartzeko gelditu gara. Aspaldi ibili mendi gogorretan ibili gabe egoteko ez dago gaizki. Ea jarraipena duen.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: