Aralarren eskiatzen
Hainbeste elur egin ondoren eguraldiak hobera egin du eta irrikatzen nago mendira joateko. Berandu bada ere atera naiz Lekunberri aldera. Bidea irekitzen dihardute eta eguerdian iritsi gara guardaetxeko aparkalekura.
Eskiak jasten ari naizela ondoan gauza bera egiten ari da beste mutil bat. Nora dijoan galdetu diot eta Beloki mendira abiatuko dela esan dit. Oskar da bera eta berarekin joatea erabaki dut ez baitut ingurua ondo ezagutzen.
Horrela, beste batzuen lorratzak jarraituz Beloki mendira heldu gara. Gailurrean egonalditxo bat egin ondoren Ttutturre mendira joatea erabaki du Oskarrek. Segitzeko aurrera esan diot, ni atzetik joango naizela eta. Belokiren iparraldean izotza agerian dago eta poliki samar jaitsi naiz. Bidean eskiekin arazo tekniko bat izan dut eta Ttutturre mendiaren barrenera iritsi naizenerako Oskar gailurrean ikusi dut.
Gaztea da eta azkar igo du.Behean itxoitea irabaki dut eta laster jaitsi denez berehala elkartu gara.
Beloki mendiaren iparraldera jo dugu berriz eta beherantz jo dugu itzulerako bide desberdina eginez. Azkenean lauan joan behar izan dugu eta halako batean iritsi gara errepidera. Autoak bi kilometro gorago dauzkagu eta igotzeko prestatzen ari ginela han non azaltzen den auto bat bi piragua gainean dituela. Nortzuk izango eta Kike eta Josu lagun tolosarrak, iaz Laponian elkarrekin ibilitakoak. Bai kasualitatea. Beheruntz doaz baina, nola ez, gu autoraino eramateko prest azaldu dira. Esker mila eta laster arte bioi.
Autora iristean Oskar agurtu eta etxerako bidea hartu dut, pozik, zeharkaldi polita egin dugulakoan.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: