Anberesko urteurren sentikorra
Goiz jaiki eta udaletxeko plazan elkartu gara denok lanerako prest. Pankartak, globoak eta kartelak prestatu eta plaza erdia guretzat hartu dugu. Oraindik ez dabil jende askorik, baina poliki-poliki plaza betetzen doa. Denon artean osatu dugun puzzleak Hodeiren irudia dauka erdian eta bera dago gure buruan eta guztion bihotzean.
Hodei desagertuta dagoela gogoratzea da helburua. Flandiarrei esan nahi diegu ez garela Hodeirekin ahaztu eta Anberesko udalari eskatu nahi diogu ez daitezela ahaztu. Hemengo hedabide asko hurbildu zaizkigu eta horien galderei erantzuten jardun dute Pablok, Hodeiren aitak; Ibonek, Galdakaoko alkateak; eta Janek, Hodeiren enpresako buruak. Udalaren ordezkari gisa Stijn Vranken poeta izan da gure artean, alkatea atzerrian omen dabil-eta. 365 globoak aireratu direnean bukatu da plazako ekitaldia eta ondoren bazkaltzera joan gara denok.
Arratsaldean Hodeiri omenaldia eskaini nahi izan diogu. GATE15 unibertsitarien egoitza berriko areto modernoan elkartu gara. Kristelek aurkeztu duen ekitaldian denetarik izan da baina, batez ere, sentimenduak agerian utzi eta denok hunkitu gaitu. Lehenego, urtean zehar egindako ekitaldi guztiak laburtzen dituen bideoa proiektatu da estrainekoz.
Hodei bila urte bete bideoan agerian azaltzen da galdakoztarren elkartasun paregabea. Garin kantaz musikatutako bideoa Josi Sierrak egin du urteurrenerako.
Aurreko ekitaldietan bezala, Imanol Mitxelena eta bere taldearen kanta barnekoiek girotu dute ekitaldia Xabier Leteren kantekin eta, bukaeran, Mikel Laboaren Hegoak ebaki banizkio kantatu ezinda gelditu gara, eztarriak itota eta begiak malkoz buztita. Tartean, Stijn Vrankenen poesia errezitatu, Iratiren bertsoak abestu eta Ibon alkateak eskutitz pertsonal eta sentikorra irakurri du. Bestalde, Korok, Hodeiren amak, bere semeari idatzitako eskutitz hunkigarria irakurtzen ausartu da. Bukaeran emozioak agerian gelditu dira eta malkoei ezin eutsirik atera gara kalera.
Azkenik, 20:00etan, Hodeiren argazkia dagoen zuhaitzean elkartu gara jende mordoska. Euskaldunok hainbat belgiar izan ditugu lagun. Gurasoen erabakia errespetatuz, desagertutako egunak azaltzen duen kartela kendu eta bertan Stijn Vranken poetak idatzitako poesia zintzilikatu dugu. Anberesko udalak modu iraunkorrean jarri nahi du poesia hau eta Euskal Herritik ekarritako oroigarri bat Hodeiren desagerpena gogoratzeko. Lagun arteko afariak eman dio amaiera egun seinalatu honi. Hodei gogoan izan dugu eta hala izango dugu aurrerantzean ere.
Iruzkinak
2015-01-02 08:30 #1
<html />
Utzi iruzkina: