Anberesko ekitaldia
Iritsi da egun berezia. Arratsaldeko 20:00etan bildu gara Hodeiren desagerpena gogoratzeko. Ordu laurden lehenago Hodeiren argazkia dagoen zuhaitzean elkartu gara gurasoak, lagun batzuk eta gu. Bost minutuko isilunea egin ondoren ekitaldira itzuli gara.
Mathias izan da ekitaldiaren antolatzailea eta Mitxelenatarren laguntzaz eszenatoki ikusgarria jarri dute ibai ertzean. Hodeiren argazkia, kandelak, poesia idatzita kartel batean eta musikariak. Jendea piskanaka hurbiltzen joan da jarlekuak bete arte. Nahi zuenak kandela piztu eta lurrean utzi du. Berriz ere Mathiasek harrituta utzi gaitu eta agerian gelditu da zuzendaritzarako duen balioa.
Kristel izan da aurkezlea. Flandrieraz, euskeraz eta gazteleraz, aurkezpen bikaina egin du. Doain bereziak ditu horretarako. Ondoren Imanolek Izarren hautsak astindu du lau haizetara, bere gitarraz eta pianoaren laguntzaz.
Gero Anberesko poeta ezaguna atera da Hodeirentzat propio egindako poesia errezitatzera. Flandrieraz egin du eta nik euskeraz irakurri dut bezperan Imanolek eta Iñakik itzulitako bertsioa, euskaldunok ulertzeko. Indartsu hasi naiz baina ezin izan dut bukatu maila berdinean. Bihotzak ahotsa ahuldu du eta azken hitzak dardarka atera dira nire eztarritik. Nire aurrekoen begiak dir-dir egiten dute malkoetan eguzkiaren azken printzek jotzean. Hunkituta dago jendea.
Azkenik Imanolek kantatu du Xabier Letek Xalbadorri egindako kanta. Une batean Non hago Galdakaoko mutila? entzun dudala uste izan dut. Bukatzeko Iñakik kantatu ditu bi bertso eta malkoak aurpegian behera irristatu dira itsasoraino.
Ehun lagundik gora elkartu gara. Euskaldunak, belgiarrak, lagunak, ezagunak, familiakoak, lankideak,...Asko eta asko Hodei gogoratzeko. Ez nuen ezagutzen Hodei baina mutil maitatua eta maitagarria dela agerian dago. Jan bere lantokiko nagusiaren malkoak ikusi besterik ez daude. Bere emazte eta hiru alabekin etorri da Jan. Koro eta Pablo gogoz besarkatu ditu. Bistan da asko sentitzen duela Hodeiren falta.
Ez da izan erraza hemendik alde egitea. Presarik gabe, isilean, malkotan, jarraitu dugu bertan. Zerbaiten esperoan. Eguzkia ezkutatu denean kandelen argia nahiko izan da ilunari aurre egiteko. Hodei tartean argi izpiak ikusi izan ditugu. Poetak dioen bezala: Nola arnastu goizalde batean Hodei kuttuna galdu duen airea? Agian, egun batean, denborak bere eskuekin dena kabituko den ontzi bat osatuko du. Esker mila etorri zareten guztioi. Ezin izan duenok hemen duzue zuen malkoak botatzeko aukera.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: