Anberesen

Alberto Ibiltarixanak | 2014-08-17 00:00

Anberesen gaude euskaldun talde bat Hodeiren bila etorrita. Bizikletaz ibiliko gara Flandrian eta Herbeheretan zehar desagerketari buruzko informazioa banatzen eta Hodeiren argazkiak eta kartelak jartzen. Gaur ekin diogu ibilaldiari Anberesen. Irteeran talde polita eta jendetsua elkartu gara. Kazetariak ere asko etorri dira eta oihartzun handia eman diote bertako nahiz Euskadiko hedabideek.

Irtetzerakoan txaloz agurtu gaituzte Hodeiren lagunek Galdakaoko irteeran bezala. Emozioz betetako uneak izan dira. Belgikarrak ere gehitu dira gure taldera. Mathias, Imanol eta Kristel, Jan eta bere famila, Kurt eta Kris...lagun asko helburu berdina bultzatuz. Jende asko bildu gara Hodeiren bila. Hodeiak ere bidelagun izan ditugu ibilbide osoan eta bukaeran negarrez hasi dira guztiok melatu arte.

Bredara iritsi gara gorputzak hoztuta, dardarka, baina Ninbek eta Pakek jarritako ogitartekoek eta aterpetxeko epeltasunak berriz berotu ditu gure gorputz eta bihotz hunkituak. Arratsaldean Hodeiren kartelak eta argazkiak jartzera joan gara kalera. Euria egiten duenez, tren eta autobus geltokian jarri ditugu, aterpetxera bueltatuz. Bihar gehiago. Afaldu eta ohera erretiratu tertuliaren ondoren. Lotaratu ondoren indartsu itzuliko gara bihar. Gabon.


Utzi iruzkina: