Transandalus 4. etapa: Seron- Campo Camara (71 Km.)

Alberto Ibiltarixanak | 2013-05-16 00:00

Ibilbide erraza hasieran, gari eta garagar arteko pistak jarraituz. Oraindik ez dira zelaiak horitu eta berdea da kolore nagusia. Nolanahi ere, koloreen kontrasteak nabarmenak dira. Ia konturatu gabe iritsi gara Baza herrira. Dirua ateratzeko atxakian garagardo eta tapa bana hartzeko aprobetxatu dugu.

Hemendik aurrera ere ibilbide erraza dugu eta Guadiana txikiaren bailaran kobazulo tankerako trogloditen etxebizitzak ikus daitezke bide ertzean. Laster cortes de Baza herrira iritsi gara eta zerua iluntzen doanez, lehen tantak erortzen hasi orduko herriko tabernara sartu gara zerbait jan eta atsedena hartzera. Lehenengo tapa bana atera digu gero zuritu gabeko baba beltzak, gordinik, gatz piskatekin jateko. Gero entsalada eta ondoren fideua egin berria, arrainaz eta untxiaz. Bukatzeko helatua eta bion kontua ez da iritsi 20 eurora.

Hurrengo herria Los Llaneros da. Nik uste dut hemengoa zela gaztetan herriko tabernan ikusten genuen Llanero Solitario zalduna. Beste inor ez da ageri. Berriz ere olibondoen artean gorantza doan bidea jarraituz iritsi gara Campo Camara herrira. Iritsi orduko konturatu naiz atzeko gurpila zulatuta daukadala eta Fran gazteak lagundu digu zulatua konpontzen.

Aurrerago ez daukagu lo egiteko tokia ziurtatuta eta bertan gelditzea erabaki dugu. Casa Pepe da bakarra eta bertara joan gara baina Pepek diosku etxean konponketak egiten ari dela eta ezin dugula bertan gelditu. Azkenean, gure erreguei esker, amore eman du eta bi gela eder utzi dizkigu. Afaldu eta gozaldu ere bertan egin dugu eta sukaldari bikaina dela erakutsi digu bere emazteak.

Bitartean herritar batzuek esan digute hurrengo etapa zaila dela ibilbidea jarraituz egiteko, urtegia ezin delako pasa. Eta hobe dugula errepidez joatea. Beste irtenbiderik ez dugunean ikusten gizon ausart eta jakintsua etorri da eta honek esan digu ez dagoela arazo berezirik pasatzeko, nahiz eta ur asko egon. Pozik hartu dugu berria eta kasu egingo diogu berari.


Utzi iruzkina: