Hitzaro: nerabe heldua

hitzaro 1456147679238 Hitzaro Euskara Elkartea | 2008-09-03 12:32

Joan diren 14 urteetan, Udalarekin, herriko elkarte eta erakundeekin, ikastetxeekin eta euskaltegiarekin elkarlanean aritu da Hitzaro; guztien indarrak batu nahi izan ditu euskarari dagokion leku duina emateko. Azken batean, ordiziarren artean euskararen inguruko adostasun-puntuak lantzen saiatu da, iritzi edo pentsamolde ezberdinei leku eginez, eta batzuen zein besteen ikusmoldeekin begirunez jokatuz. Bere lanaren bitartez argi eta garbi erakutsi du herri aginteen lana eta gizarte eragileen ahalegina, elkarren osagarri izateaz gain, elkarren lagungarri ere izan daitezkeela. Eta halaxe ulertu dute herritarrek ere; Hitzaro elkarteak 200 bazkide ditu gaur egun.

 

Hitzaro Euskara Elkartea 1994ko maiatzean erditu bazen ere, ez zen ezustean eta nahi gabe jaio. Ia urte erdiko haurdunaldia behar izan zuen oinarrikoen zituenak behintzat ongi osatzeko. 1993ko abenduaren 30ean, Kilometroak 93n lanean aritutako 30 bat ordiziar Barrenan bildu ziren, herrian euskararen aldeko dinamika sozial bat behar zela iritzita. Bertan eratu zen Euskara Taldea sustatzeaz arduratuko zen taldetxoa.

 

Erronka handia hartu zuen Hitzarok 1995ean: azterketa soziolinguistikoa egitea. Erronka, ordea, nota onarekin gainditu zuen. Gerora egindako bidearen oinarriak ere orduan hasi ziren jartzen: larunbat goizetako euskarazko aisia espazioa umeentzat –aurten ez da egin–, Udaleko euskara Batzordearekin hainbat programa, Olentzeroren antolaketa…

 

Haur eta gaztetxoak izan ziren 1996ko egitasmoaren protagonistak, eta eskolaz kanpoko ekintzek osatu zuten plangintzaren zatirik handiena. Hasieran Balakataklinek eta ondoren Udalak antolatutako Txirristi Mirristi udaleku irekiak Hitzarok antolatu zituen, Udalaren eskariz, lehen aldiz. Horretan hasi aurretik, hausnarketa sakona egin zuen Hitzaroko Arduradun Batzordeak Ordiziako euskararen beharren gainean eta argi ikusi zuen aisia eta haurren mundua lantzea Ordizia euskalduntzeko lehen pausoa zela.

 

Profesionalizazioa; aldaketa kualitatiboa

Herrian garrantzi handia izan duten egitasmoak gauzatu ditu Hitzarok. Baina, hala ere, bere lana ez da Ordiziara mugatu. Urteotan zehar, Euskal Herri mailan euskararen inguruan antolatu izan diren jardueretan ere hartu du parte. 1999an sortu zen Bulego Teknikoak eman zuen horretarako aukera.

 

Goitik behera aldatu zen elkartearen gestio eredua 1999az geroztik. Ordura arte lan-taldeek zeregin zituztenak, sorrera berriko Bulego Tekniko batek bereganatu zituen. Dena den, bazkidea izan da elkartearen funtsa, eta, horregatik, Bulego Teknikoa eratu eta elkartearen jarduna profesionalagoa egitearekin batera, ahalegin berezia egin da bazkidea elkartera gerturatzeko.

 

Bulego Teknikoa Milagrosa Ikastetxea zenaren lokaletan dago aurtengo apirilaz geroztik.

 

EBPN eta Hitzaro

2000. urteko egitasmoak aurreko guztien osagai berberak zituen, baina bita aurrekoek izan ez zuten berezitasunik ere. Izan ere, Hitzaroren jarduerak eta Udalaren Euskara Biziberritzeko Planak bat egin zuten 2000. urtean, eta Hitzarok ordura arte zituen egitasmo guztiak EBPNan jaso ziren. EBPNa 2000.eko apirilean onartu zuen Udalak, eta Euskara Aholku Batzordea sortu zuen. Horren zerbitzura aritu zen 2000-2003 epealdian Hitzaroren Bulego Teknikoa; Bulego Teknikoa arduratu zen Aholku Batzordeko bilerak gidatu eta idzakaritza lana egiteaz, Planaren koordinazioaz eta Planeko zenbait ekintzen zuzeneko exekuzioaz, Udalarekin sinatu hitzarmena tarteko.

 

Baina 2004. urtea hastearekin batera erabat aldatu zen Hitzaroren eta bere Bulego Teknikoaren egoera, Udalak EBPNaren gestio zuzena hartu duelako bere gain, eta orain artean Hitzarok bultzatzen zituen ekintza asko eta asko EBPNen txertatu zirelako. Gauzak hala, Hitzarok goitik behera aldatu behar izan zuen bere egitasmoa. Eta, egitasmo guztiz berritzailea osatu zuen.

 

Helburu nagusiak eta esparruak

Elkartearentzat bide berri baten hasiera markatu zuen 2004. urteak. Hitzarok nahitaezkotzat dauka euskaldunek euskararen belaunez belauneko jarraipenari eustea. Ugaldu egin nahi ditu, gero eta gehiago, eskolaz kanpo euskaraz egindako ekintzak. Euskararentzat hiztun berriak irabazten eta erakartzen jarraitu behar delakoan dago. Ezinbesteko ikusten du euskararen erabilera oraindik hutsaren hurrengoa den erakunde nahiz elkarteen jarrera pixkanaka-pixkanaka aldatzea… Horretan dihardugu orain ere.

 

Hitzaroren egitasmoa ez da hizkuntza zereginetara mugatzen, euskaraz sortzen den kulturaren esparru zabaletara baizik, hizkuntzaren eta kulturaren balioak uztartuz. Helburu horiek gauzatzen joateko lau lan-esparru lehenetsi ditu: Aisia, Komunikazioa, Normalizazioa eta Kultura:

 

Aisia. Lan-ildo honen helburua haurrei eta gaztetxoei euskarazko aisialdia eskaintzea da. Horretarako, orain arte prestatu dituen eta jada oso egonkortuta dauden egitasmoak antolatzen dihardu, Udalarekin elkarlanean (Ikusi Makusi, Txirristi Mirristi, Plisti Plasta, Euskal Udalekuak…).  Horretaz gain, dauden beharrak asetzeko ideia berriak lantzen jarraituko du eta, horretarako, egitasmo guztiak ikastetxeekin eta Udalarekin elkarlanean garatuko ditu, EBPNan bilduz.

 

Komunikazioa. Komunikazioaren gizartean bizi gara eta Hitzaroren helburu estrategikoa da gure herriko berriak ahalik eta ondoen euskaraz jasotzea. Horretarako du Berripapera bihilabetekaria, Hitzaroren barne-informaziorako buletina; bai eta Interneten blog berria ere. Horretaz gain, kartelak, diptikoak, itzulpenak, zuzenketak, ikastaroak… egiten jarraituko du, bai bazkideei bai herritarrei zuzenduta.

 

Normalizazioa. Aurtengo egitasmo nagusia herriko zenbait elkarteekin euskararen erabilera sustatzeko hitzarmena lortzea izango da. Baina beste egiteko batzuk ere baditu elkarteak aurten ere: herrian antolatzen diren ekitaldietan egiten den euskararen erabilera neurketa (Majoriko Igeriketa Sari Nagusia, Artisaualdia, Santa Ana Jaietako ekitaldiak…), Mintzalaguna, etab.

 

Kultura. Euskal kultura eta euskaraz egindako kultura garatzeko, Elkarteak dituen eta izan ditzakeen egitasmoak bezain garrantzitsua ­–edo garrantzitsuagoa­– da, horiek antolatzeko sortzen den dinamika: pertsonak, partehartzea, giroa… Egitasmo nagusiak lau izango dira: Jaiak (Santa Ana festak, Euskal festak, Olentzeko…), euskararen aldeko jaietara autobusak antolatzea eta kultur programazioa (Ikusi Makusiko emanaldiak, ikuskizunak, ikastaroak, Kultur Astea…).

 

2005-2008: Sendotze bidean

2005ean, Elkarteak lortu zuen zerbitzu eta eskaintza maila egonkortzen jarraitzea egokitu zitzaion Bulego-teknikoari 2006ean eta 2007an, hau da, martxan zeuden lan-ildoak indartu eta zabaltzea. Aurrera begira, egitasmo berriren bat martxan jartzea da erronka ­–elkarteekin euskararen erabilpena sustatzeko kanpaina adibidez­–, plangintza osatuz eta lan esparruak ondo definituz.

 

Hitzaroren aurtengo egitasmoan ere lau helburu nagusi jasoko dira:

 

a) Euskaraz arituko diren esparruak osatzea. 

b) Euskararen aldeko dinamika soziala sustatzea.

c) Identitate euskalduna indartzea.

d) Euskaraz egindako kultura sustatzea.

 

Bestela esanda: Hitzaroren 2009ko egitasmoa ere ez da hizkuntza zereginetara mugatuko, euskaraz sortzen den kulturaren esparru zabaletara baizik, hizkuntzaren eta kulturaren balioak uztartuz.

 

Hitzarok nahitaezkotzat dauka euskaldunek euskararen belaunez belauneko jarraipenari eustea. Ugaldu egin nahi ditu, gero eta gehiago, eskolaz kanpo euskaraz egindako ekintzak. Euskararentzat hiztun berriak irabazten eta erakartzen jarraitu behar delakoan dago. Ezinbestekoa ikusten du euskararen erabilera oraindik hutsaren hurrengoa den erakunde nahiz elkarteen jarrera pixkanaka-pixkanaka aldatzea.

Helburu horiek gauzatzen joateko aurreko urteetako lau lan-esparru berberak lehenetsi ditu: Komunikazioa, Normalizazioa, Aisia eta Kultura. Esparru horien barruan, azken urteotan konstante bat bilakatzen ari den joerarekin jarraituko dugu, ekintzak eta jarduerak egonkortuz eta hobetuz.

 

 


Utzi iruzkina: