KAMELEOI IZAERA

hijosdelangelgorria 1456147634071 hijosdelangelgorria | 2008-05-14 17:20

(Eskuineko zutabean erreportajea maketatua agertzen da)

 

 

2008 urtea berezia da Gasteizen. Orain 25 urte ireki zituen ateak Hala Bedi Irratiak. Testuinguruaren beharrizana izan zen. Trantsizio momentua zen.  Langile mugimenduek indar handia zuten eta 1976ko gertaeren ondoren minduta zeuden, gazteek eskubideak aldarrikatzen zituzten. Horren adierazgarri izan zen punk mugimenduaren indarra. Gasteiz hiri tradizionala izan zen mugimendu honen zutoi garrantzitsua. 60ko hamarraldian apaiz eta militarren hiria izatetik 70ko hamarraldian industria eta etorkinen hiri bihurtu zen. Belaunaldi berrietako gazteek ez zuten tradizio eta “normaltasunarekin” bat egin nahi. Hertzainak taldeko Josu Zabalak esan zuen bezala, “lehen aldiz hautsi zen zikloa. Gazteek ez zuten haien gurasoek bezala bizi nahi” Ez ziren gehiengoa izan, bai, ordea, hegemonikoak.

 

[Harri Fernandez; Iñaki Landa; Aintzane Sagardia]

Kameleoiak bere ingurura egokitzeko gaitasuna dauka. Hori da, hain zuzen, Hala Bedi Irratiak egin duena. 1983ko abuztuan jaio zen. Garai hartan irrati libre ugari jaio ziren, baina Hala Bedi izan da bidea aurrera jarraitu duena erreferentzia bihurtu arte. 25 urtez aritu dira irrati honetako kideak komunikatzen. Sekretua: bere kameleoi izaera. Urteetan zehar gizarteko egoeretara egokitzen jakin izan du Hala Bedi Irratiak.

Hiru hilabete lehenago, maiatzean, hiriko zenbait mugimendutako gazteek irrati bat sortu behar zela pentsatu zuten. Herri mugimenduan askotan gertatzen den bezala, baliabide gutxi zituzten, dirurik ez zuten, baina proiektua aurrera ateratzeko gogo handia zuten; ezina ekinez lortu zuten. Helburua zen oihartzuna izango zuen instrumentua eraikitzea, hitz egiteko aukerarik ez zutenei ahotsa emateko aukera bat zen Hala Bedi Irratia. 

Gazte horien artean Juan Ibarrondo idazlea aritu zen lanean. Maiatzean egindako bilera lehena izan zen, baina ordutik aurrera gehiago ere egin zituzten. Hainbeste ordutan eztabaidatutako proiektua 1983ko abuztuaren 4an gauzatu zen, Gasteizko festen hasiera zen, txupinazoaren eguna. Giro herrikoiena erakutsi nahi zuten “erdigune burges”-etik urrun. Garai hartan ez zegoen mugikorrik, beraz, Hala Bedi Irratiko bi kide, walky talkie-ak eskuan hartuta, kalera irten ziren jai giroaren berri ematera. Ez zen uste bezain ondo atera, atxilotu egin baitzituzten. Dena dela, berehala aske utzi zituzten. Juan Ibarrondok dioenez, “irratia egiteko modu guztiz berritzailea zen, ezberdina. Freskotasuna eta dinamikotasuna ziren ezaugarri nagusiak. Arabarrak ez zeuden irrati modu hori entzutera ohituta”.

Mugimendu kontra kultural honen arrakasta musika zen. Punk musika entzuteko irratsaiorik ez zegoen 80ko hamarkadan, ezta aretorik ere. Kalean, ordea, La Polla Records, Cicatriz en la Matriz… entzuten ziren eta Hala Bedi Irratiak horren berri ematen zuen. Gazte asko hasi ziren irrati hau entzuten. Pixkanaka Gasteizko irrati aske hau ezaguna egin zen.

 

Arazoak hasieran

Irratia ezagunago bilakatu zen heinean, orduan eta debeku gehiago zituen. Hori dela eta, askotan aldatu ziren lekuz. Postas kalean, Barrenkalen eta Zaramagako langabetuen egoitzan egon ziren, besteak beste. Are gehiago, garai latzenetan furgoneta batean aritu ziren lanean Gasteizko inguruetan bueltaka.

1984. urtean Santo Domingo kaleko pisu batean jarri zuten egoitza. Hilabete batzuen ostean Polizia Nazionala agertu zen. “Bagenekien gure atzetik zebiltzala, baina punka musika baino gehiago jarrera bat zen”, dio Ibarrondok irribarre txiki batekin. Igarotako hilabeteetan entzule ugari lortu zituzten eta poliziek Gobernadore Zibilaren sinadura zeraman aginduarekin katea itxi zutenean entzuleek erantzun egin zuten. 

Manifestaldiek eta borrokek egunak iraun zuten. Adierazpen askatasuna eskatzen zuten eta hori lortzeko RNE, Gasteiz Irratia eta  SER okupatu zituzten. “Komunikatu bat irakurri ezean ez ginela joango esan genien. Ez ziguten utzi eta gutxira ertzaintza jaioberria heldu eta gaseatu egin gintuen. Kazetariak, irrati kideak, denok atera ginen jipoituak”. Gertaera honen ondorioz, irratian lan egiten zutenen ideologien artean batasun gehiago zegoen eta aurrera jarraitzeko gogo gehiago zuten Hala Bedikoek. Paper garrantzitsua bete zuen afera honetan Patxi Bisquert aktoreak. Alicia Izagirre Gobernadore Zibilak irratia itxi zuen, baina bere etxea eskaini zien Hala Bedin lan egiten zutenei. Orduan, Zapateria kalera mugitu ziren; Gasteizko muinotik hasi ziren igortzen. 1984-1986 urteen artean beste hiru alditan itxi zuten, baina mendebala ezin izan zuten zapuztu.

1987 urtean  Hala Bedik Ganado plazan kontzertu batzuk antolatu zituen, tartean Kortatu, La Polla Records, Vomito eta Kemando Ruedas taldeek jo zuten. Grabatu zuten maketak gazteen artean arrakasta handia izan zuen. Irratiarentzako dirua lortzeko aukera bikaina izan zen eta urteetan jasotako isunak ordaintzeko aukera izan zuten. Rock Erradikalak garrantzi handia lortu zuen. Are gehiago, mota horretako kontzertu asko antolatu zituzten. Gainontzeko komunikabideetan entzuten ez zen musika zen.

Urte berean Aiztogile kalera joan ziren. Aurreko urteetako gertaerak ikusita, inork ez zuen pentsatuko 17 urtez iraungo zutenik leku horretan. Tas Tas informazio agentziarekin batera aritu ziren lanean zenbait urtetan.

 

Gaztetxearen sorrera

Dinamismo handiko urteak ziren, batzarren urteak. Gazteek uhinetan lekua behar zuten bezala, espazio fisiko bat ere behar zuten. Hori dela eta, 1988ko apirilaren 27an, San Prudentzio egunean, Gasteizko gaztetxea sortu zuten.

Jose Angel Cuerda zen orduan Gasteizko alkatea. “Guk tramite asko egin ondoren, Montehermoso jauregi osoa erosi genion gotzaingoari eta gizarte zerbitzu bat egin nahi genuen bertan. Etxe horretarako ez geneukan plan zehatzik, besterik gabe, bertan zegoen. Udaletxean bi iritzi zeuden: batzuk, garaiak ikusita, eskuzabaltasunez jokatzearen alde zeuden, trantsizio garaiak ziren eta ez geneukan plan berezirik etxe horretarako. Beste batzuek, ordea, poliziari deitu eta etxe horretatik atera behar nituela esaten zidaten. Haientzat koldar bat izan nintzen. Nire ustez, etxe horretarako plan berezirik ez zegoenez, eta auzokideekin, drogekin edo poliziarekin arazorik sortzen ez bazuten, zergatik ez nien bertan jarraitzen utzi behar?”

Cuerda alkateak gazte “zoro” haiekin hitz egin zuen eta akordio batera iritsi zen. “Gazte hauek ez zuten ez urik eta ezta argindarrik ere. Aurrera jarraitzea baimendu baino lehen argi esan genien ez genuela plataforma politiko baten sukurtsala nahi. Higiene aldetik kondizio minimo batzuk eskatu nizkien eta horren truke udaletxeak ura eta argindarra jarriko zizkiela adostu genuen”. Orain alkate ohi moduan hitz egiten badu ere igartzen zaio ez dela bere erabakiaz damutzen.

1987. urtetik aurrera beraz, elkarrekin baina bide ezberdinetatik ibilitako gizarte eragile dira Hala Bedi Irratia eta Gasteizko Gaztetxea. Horrelako proiektu ugari egon ziren Euskal Herri osoan hamarraldi horretan, baina asko eta asko ezerezean geratu edo bere kabuz desagertu ziren, barne eztabaidak izan zirela eta. Izaera kameleoikoa da Hala Bedi Irratiaren sekretua. Proiektuetara gazte jendea erakarri dute; honekin hasi zirenak egun, gurasoak dira!-, dio Ibarrondok. Errelebo generazionala lortu dute garaietara egokituz. Haien planteamenduen egunerokotasuna gau eta egun defendatu dute.

Horrela entzule asko bereganatu dute: CESren arabera, 1994. urtean 7.000 inguru. Hasierako punk izaera urteekin isildu egin bada ere (ez guztiz), irrati libreen artean ospetsuena da orain. 

 

Aldaketak

Inflexio puntua 2000. urtean izan zen. Katea sortzen ari ziren gizarte eragileek ideiak elkartu zituzten Barrian proiektua eraberritzeko, irratiaren izaera zehazteko. Helburua zen komunikabide berri bat eratzea, eredu tradizionalaren gabeziak izango ez zituena. Barrian egin zen bileran adostu zen programazioaren ehuneko bat euskaraz egingo zela, Arabako egoera soziolinguistikoa baina altuagoa izango zena. Ibarrondoren hitzetan, “abagune garrantzitsua izan zen proiektua indartzeko”.

Eraberritze honekin gizartearen kontzientzia pizteko lehen ekintza egin zuten. Orson Wellsek CBS irratian egin zuen moduan, Hala Bedik saio berezi bat prestatu zuen. Garoñako zentral nuklearrean isuri bat egon zela asmatu zuten. Ibarrondok dioenez, bi helburu zituzten: batetik, instituzioak ebidentzian jarri nahi izan zituzten: 68 kilometrotara dagoen zentrala da eta zerbait gertatuko balitz, zer egin behar genuke? Bestetik, entzuleen artean azterketa kritikoa sustatu nahi zuten.

Jose Angel Cuerdak bost legealdi egin zituen jarraian Gasteizko alkate eta urte hauetan gaztetxeak ospe handia lortu zuela ezin uka daiteke. “Gure estrategia espazio publikoak berreskuratzea zen gero ekipamendu publikotan bilakatzeko”. Gaztetxea sortzea ez zen arazo izan, ez baikenuen eraikin horretarako planik. Ez zen gauza bera gertatu Toki-Eder ikastolakoekin, adibidez. Eraikin berria eskatzen zuten guk gizarte etxe bat inguratu behar genuenean eta protestatzeko ume guztiekin sartu ziren barrura klaseak ematera. Imajina! Zer egin zezaketen poliziek horren aurrean? Nola bidali zitzakeen barruan zeudenak? Dena dela, zorte ona izan genuen protesta ekainean egin zutelako eta ia zortzi egun pasa zituztelako barruan. Gazteak elkartzeko leku bat izatea, berriz diot, ez zen arazo bat izan”.

Gaztetxeak hiru oinarri ditu: autogestioa (instituzioen laguntzarik gabe gaztetxeko proiektu eta hainbat ekimen aurrera eramateko bideak ditugu: taberna, ekimen kulturalak…), erabaki guztiak batzar irekietan hartzen dira eta okupazioa (gaztetxea nahi zutenentzat Gasteizko Udalak ez zuen gazteek elkartzeko gunerik proposatzen, horregatik okupazioa pentsatu zuten alternatiba bakar gisa).

Cuerdaren ostean, Alfonso Alonsoren legealdia hasi zen. “Oso gogorra izan zen eta gustatzen ez zitzaiolako gaztetxea bota egingo zuela esan zuen arren, ez zen ausartu. 20 urte hauetan gizartearen sostengu izan da eta babes handia lortu du”. Ibarrondok Alonsoren lehen legealdian, desalojo arriskua zegoenean Gasteizko hirian 8000 pertsona kalera atera zireneko eguna gogoratzen du eta baita, bigarren legealdian, gaztetxeak antolatu zuen eguna ere. Gasteizko Alde Zaharrean, Kilometroak balitz bezala, hainbat gune antolatu ziren festa giroan. 20.000 pertsona baino gehiago azaldu ziren. “Ez zen botatzera ausartu desgaste politiko handiegia izan zelako”, dio Ibarrondok. Cuerdak uste du lekuarentzat ezer hoberik ez dagoen bitartean bertan jarraituko duela gaztetxeak“. Alkate zarenean jendearengan pentsatzea da garrantzitsuena. “Nik ez nituen elkarbizitzarako etsai moduan ikusten”, dio alderraientzat zentro bat ireki berri duen alkatea ohiak.

25 urte komunikatzen eta 20 urte okupatzen daramate hurrenez urren Hala Bedi irratiak eta Gasteizko Gaztetxeak. “Orain arte kameleoi izaera izan da haien bertutea eta garai berrietara egokitzen jarraitu beharko du” dio Ibarrondok, “Hala Bedik lege berriarekin nahiko zaila izango du etorkizuna baina urte askoan aritu da eta badaki nola sartu sistemaren pitzaduretan. Sistemaren inkoherentziak eztanda egiteko erreminta behar du izan”.

Ibarrondoren aburuz, “Hala Bedi Irratia eta Gaztetxea emakume eta gizon askeentzat eskola izan dira. Bertan gure kabuz pentsatzen ikasi dugu, hazi egin gara eta erantzukizunak hartu ditugu. Baloreak zer diren ikasi dugu. Hemen dabiltzan gazteak balorez beteta daude, beraien buruaren jabe dira”.  

Cuerdarentzat giltza dago Giza Eskubideen kartako lehen artikuluan: “Gizaki guztiak aske jaiotzen dira, eskubide berdinak dituzte, arrazoia eta kontzientzia dute eta elkarren artean anaitasunez jokatu behar dute”.


Utzi iruzkina: