[Wikiemakumeok] Ikusezina izan dena bistaratu nahian

[Wikiemakumeok] Ikusezina izan dena bistaratu nahian Hezitzaile bat sarean | 2026-05-12 17:51

[Wikiemakumeok] Ikusezina izan dena bistaratu nahian

Aspaldion elkar ikusi gabeko Ana Erasunek eta biek goiz xarmanta pasa genuen Lesakan Ttipi-Ttaparen egoitzan. Bertako kide den Gurutzek hantxe elkartu gintuen eskualdeko emakume wikilariak izateagatik; eta, solas eta solas, gustura aritu ginen ordu pare batez bederen. Maiatzean iritsi da,-aldizkarian zein erran.eus bidez digitalean-, erreportaje ederra! Esker mila aunitz egindako ekarpenagatik, emakumeei eta emakumeek garaturiko ezagutzari lekua emateagatik, baita euskarazko Wikipediak euskaldunoi ematen digun aukera paregabea bistaratzeagatik. Zenbat lan dagoen oraindik egiteko! Zenbat aliantza sortzeko! Zenbat aldarrikatzeko! Zenbat salatzeko! Argi eta garbi, estrategia kolektiboek (edo ezak) markatuko dute norabidea eta erakutsiko dute zertan ari garen.

Pare bat aipu Wikipediari buruz adituen eskutik:

Wikipedia, funtsean, autokudeaketa digitaleko eszenatoki bat da ezagutza modu banatuan eraikitzeko; izan ere, sorkuntza eta ekoizpen kolektiboko espazioak ahalbidetzen ditu, ikasteko eta pentsamendu ireki, dinamiko eta jariakorreko lankidetza-komunitateak sortzen ditu. (Marta-Lazo eta Gabelas)1

----

Wikipedia egungo Interneteko oasia da; mundu errealeko boterekeria eta ezberdinkeria dinamikek zeharkatzen duten oasi inperfektua, doike. Ez dago eduki oker edo manipulatzailetatik salbu, beste edozein webgune bezala, baina hemen mekanismo gardenak daude horiek detektatzeko eta zuzentzeko. Wikipediaren indarra, software librearena bezala, milioika begi hura zaintzen egotean datza, eta horregatik izaten da zaila intoxikatzeko modu eraginkorrik antolatzea. Pertsona guztiena eta aldi berean inorena ez izatea da norbaiten interesetara erabat ez atxikitzeko bermea. (Franco)2

Zorionak Ttipi-Ttapa eta eskualdeko hedabideei egiten duzuen lanagatik. Ttikitik aritzea zein handia den elkarren berri izateko, garenetik eta garenarekin bide egiteko. 

"Wikiemakumeok DOnK" dokumentala ikusi ez baduzu, hortxe aukera!

 

[1] Marta-Lazo, Carmen eta Gabelas, José Antonio. (2016) Comunicación digital: un modelo basado en el factor R-elacional, UOC ed. 29. or.

[2] Franco, Marta G. (2024). Las redes son nuestras. Una historia popular de Internet y un mapa para volver a habitarla. Ed. Consonni. 154. or.


Utzi iruzkina: