Teknologia burujabetzaren garrantzia hizkuntza gutxituentzat.

Teknologia burujabetzaren garrantzia hizkuntza gutxituentzat. Hezitzaile bat sarean | 2026-07-27 11:33

Teknologia burujabetzaren garrantzia hizkuntza gutxituentzat.

Berriki, Goiatz Oiartzabal eta Leire Lisonek Berrian argitaraturiko elkarrizketan gako garrantzitsuak azaldu zituzten:

Oiartzabalen hitzei jarraiki,

teknologia burujabetza lotuta dago gaitasun kolektiboa indartzearekin. Gainera, gaurko munduko testuinguruak are beharrezkoago egiten du teknologia propioak kritikoki pentsatzea: bertatik bertara eta kontzienteki. [...] Zer gizarte eraiki nahi dugun galdetu behar dugu. Izan ere, gaurko teknologiek gizarte kontsumista eta otzana nahi dute. Teknopolitikaz ari gara. [...] Eredu libreek berekin dakarte modu komunitarioan eta guretik eraikitzeko aukera, gure mundu ikuskera praktikatzekoa. [...] Agian egokiago da burujabetzagintzaz hitz egitea: etengabe praktikatu beharreko eskubide gisa. Definizio hori bereziki garrantzitsua da garaiotan, kanpo indarrak gero eta indartsuagoak diren honetan. Horregatik, gure algoritmo eta teknologiez pentsatzean, indar nagusia gaitasun kolektiboaren aldarrikapenean eta praktikan dago. Guk guretik eta gertukoarekin egin behar dugu. [...] Eta euskalgintza eta herri mugimenduak batera software libreko plataformetara mugituko balira, jauzi handia izango litzateke. [...] Gainera, ez gara inoiz multinazionalen pare egongo. Euskararen etorkizuna ez dugu bermatuko haiek imitatuz, baizik eta, gure komunitatetik abiatuta, bestelako ereduak eratuz.

Lisonen aburuz,

algoritmoak ez dira izate abstraktuak, neutroak: erabaki kateak dira, enpresa pribatuen interesen arabera diseinatzen direnak. Hala, interes pribatuei erantzungo dien ingurune digital bat sortzen dute. Errentagarritasuna dute helburu, eta, ondorioz, hizkuntza politikan, interes propioak izango dituzte, ez komunitatearenak. Horrek hizkuntza gutxituen bazterketa dakar: hizkuntza batek ez badie errentagarritasunik ematen, ez dute sustatuko. Etekin pribatuak eta diruak hartzen ditu hizkuntzari lotutako erabakiak. [...] Izan ere, gaur, algoritmoek erabakitzen dute zer ikusiko dugun; hor dago arazoa. Horregatik, alternatibak sortu behar dira: komunitatearen esku dauden plataformak, non komunitateek erabakiko duten hizkuntza alorrean, baita beste guztietan ere. 

Iturria:Berria (Andoni Canellada)


Utzi iruzkina: