Justizia Digital Feminista [Feminist Digital Justice deklarazioa]
Inoiz ez da berandu hutsetik hasteko
baldin eta liburuak, elurra eta lagunak baditut.
Castillo Suarez, Alaska (Elkar, 2023)
2023ko martxoaren 8aren bueltan argitaratu da Justizia Digital Feminista deklarazioa, Justizia Digitalerako Printzipio Feministei buruzko Lantaldeak idatzitako zirriborroa. IT for Change eta DAWN-ek Just Net Koalizioaren Justizia Digitaleko ekimenaren barnean. 2021-2022an zehar bi galdera nagusien inguruan aritu ziren lanean:
a) Nola geldiarazi dezakegu datu-erauztea eta berreskuratu teknologia digitalen eta datu-teknologien emantzipazio-promesa genero-justiziaren agendarako?
b) Zein da zirriborratu nahi dugun justizia digital feminista panoramika?
Izan ere, ziberfeminismoak hasieratik egon dira ziberespazio feministaren eraikuntzan inplikatuta. Korronte, ekintzaile, kolektibo ezberdinak egon badira ere, ziberaktibismo soziala baliatu eta baliatzen jarraitzen dute, nola edo hala, emakumeen eta bazterretakoen ahalduntze digitalaren alde jarduteko (sarbide eta erabilerari dagokionez, baita teknologia digitalaren kudeaketa zein diseinuaren garapenari ere), egun nagusi den eredu teknodigital heteropatriarkal hegemonikoari kritika zorrotza egiteko eta garapen teknodigital aske, burujabe, jasangarri, dekolonial eta feminista sustatzeko.
Justizia Digital Feminista deklarazioaren aurkezpena [EN]
Dokumentuan paradigma digitalaren balantzea egiten da ikuspegi feminista kritiko batetik, datu-kapitalismoaren ordena instituzionalean genero-injustiziaren hainbat dimentsio azaleratuz: gorputzak eta harreman sozialak, datu-kapitalismoaren bazka, genero lan-esplotazioa eta bazterketak plataformek kontrolatutako balio-kateetan, genero-alborapena eta diskriminazioa abangoardiako teknologiaren garapenean, krisi ekologikoa, ongizate digital egoeretako genero baztertzeak. Testuinguru horretan talde politiko feministentzat proposamen zehatzak egiten ditu:
- Berreskuratzea interneteko agora publikoa, pribatizatutako plataformetatik at.
- Erantzutea datu-sozializazio esparru guztietako emakumeen giza eskubideen urraketa orori.
- Mantentzea beti intersekzionalitate-ikuspegia.
- Jabetzea Internet eta abangoardiako teknologiaz ekonomia feministetarako.
- Dekolonizatzea datu-gobernantzari buruzko eztabaidak.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: