Flexisegurtasuna
Hitz berri hau, (ez dakit euskeraz nola deitu behar diogun, ingeleraz “Flexicurity” deitzen diote) epe laburrean sarri askotan entzungo duzu, Europar Batasuneko enplegu politikaren hitz kuttunena baita. 2013 urte bitarteko enplegu sustapenerako programa eta politikek berau garatu eta ezarri beharko dutelako Europako diru laguntzarik jaso nahi badute behintzat.
Bere esanahia erraz antzeman badaiteke ere, ondorioei buruz hitzegin aurretik azal dezagun zertan datzan, edo zer izan beharko lukeen europako agintarien aburuz.
- Terminoaren jatorria Holandan dago, nahiz eta egun Danimarka izan politika honen adibide paradigmatikoa.
- Flexisegurtasunak, lana edo enplegua segurtatu baino langileen enpleabilitatea ziurtatu nahi omen du. Horretarako hiru elementu konbinatzen ditu, teorikoek “urrezko triangelua” deitutakoa:
- Flexibilitatea lan merkatuan: Enpleguaren babes legala murriztea bai sektore pribatu zein publikoan, hau da, langileak egoztea erraztea.
- Gizarte babes politika sendoak. Langabezian daudenentzako diru sarrera garrantzitsuak ezartzea.
- Lan politika aktiboak indartzea. Lan programa desberdin eta ugariak lan merkaturako itzulerak sustatzeko eta lan merkatutik irtendakoan bueltazea errazteko. Honetaz gain Lifelong Learning edo bizitza osoan zehar formakuntza jasotzeko programak sustatzea.
Grafikoki, (eta ingeleraz) Aalborgko Unibertsitateko Bredgaard, Larsen eta Madsen irakasleen diagrama:
http://faos.sociology.ku.dk/dokum/flex_wilthagen.ppt#346,11,Diapositiva 11
Azaldutako hau da laburbilduz Europar Batzordearen plana lana sortzeko. Enpresaburuek begi honez hartu dute proposamena, sindikatuak aldiz ezkor agertu dira ardilarruz estalitako otsoa ikusten baitute, hau da, flexi asko eta segurtasun gutxi.
Europar Batasuneko Estatu guztiek nahitaez, beren “Programa Nacional de Reformas”-en barruan planteamendu hau nola garatuko duten azaldu behar diete Europari aurtendik, beraz gurean ere lehen erabakiak laster ikusiko ditugu.
Argi daukat honek guztiak usain onik ez duela, eta sistema sozialak indartzea baino AEBen adibidea jarraitu nahi dela. Holanda eta Danimarkako enplegu polítikak betetzen dituzte (gutxi gorabehera) flexisegurtasunaren hiru premisak, emaitza onekin gainera, baina horrek ez du esan nahi sistema edonon ezarrita emaitza berberak lortuko liratekeenik. Adibide soil bat, Espainiar estatuak prestakuntza sozialetan Danimarkaren mailara iristeko, bere aurrekontua gutxienez hirutan biderkatu beharko luke. Ez ditut ez espainiar agintariak, ez euskaldunak ez eta ere frantziarrak honetarako prest ikusten. Are eta gutxiago zergak jeitsi nahi dituztenean!
Euskal Autonomi Erkidegoak eta Nafarroak badute beste arazo bat. Segurantza Soziala eta lan merkaturen konpetentzia normatiboa (“urrezko triangeluaren” lehen bi premisak) estatuaren esku daude. Autonomiek Lan Polítika aktiboak dituzte soilik erabilgarri, triangelu horren erpinik ahulena, gutxien garatuena dagoena eta orain artean emaitza kaxkarrak eman dituena.
Informazio gehiago (ofiziala)
Iruzkinak
Utzi iruzkina: