Zaindu!
Urte berriarekin bazter honetaraino ailegatu den bidaztiari, Iñaki Segurola-Diego Rivera koktela eskaintzen diot ongi etorri modura:
<< "Zaindu!" Ongi gogoan daukat Donoxti-aldeko lagun batek nola bota zion behin gure zaharrari adio egiterakoan: "bueno agur, zaindu!". Gure zaharrari muturra belztu eta: "ño! horrek neri zeoze antzeman zidak; apenas oso jaxoa ikusi nauen!". "Zer ba?" nik, eta: "zaintzeko esan didalako". Esplikatu nion eginahalean "zaindu!" horrek ez duela zaintzeko esan nahi ("ez, zera esan nahi dik!"), oraingo moda txoro bat dela dena; oraingo "gero artek" ere ez duela "gero arte" esan nahi, eta... alfer-alferrik: ez zidan sinesten, ez zidan ulertzen, eta kezkatan geratu zen gizajoa.
Oraintxe errezeloak hartzen hasia nago ez ote den delako moda hori pelikula merkeetatik sartu. Ez dago zaila jokaldia irudikatzen: geltoki bat, neska zanpan bat osoki maitemindua, gerrara doan mutil tonto bat, eta partitzeko tenorean, begiak malko-iturri, neskak bere mutil gauzari: "xaindu xaite, mattia!". (Hunkigarria hagitz! Hau idazterakoan malkoa ez dut urruti neronek ere).
Baina ze gerrak ekarri du "zaindu!" esan behar trixte hori? Horrenbesteraino gaixoberatu eta exkaxkumetu al gara denok ere? Edo zerekin ibili behar da kontuz? Zertatik edo norengandik zaindu behar dugu edo gara?
Neuk galdetu eta neuk eman erantzuna: Don Bildur zaharraren azken mozorroa besterik ez den Aurreikuspenak gobernatutako mundu honek denok geure buruaren etengabeko erizain, artzain, haurtzain eta ertzain bihurtu arteko onik ez du. Ez bageneki bezala, geure arteko jende sanoenari ikasirik, lerdokeria latza dela gaixoak bezala bizitzea gero azkenean sano-sano hiltzeko.
Zaindu? Zaindu ezak heure amama, eta aio!". >>
"Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo" - © Iñaki Segurola, Alberdania, 2005.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: