"( ... ) 1939ko abuztuaren 21a zen, astelehena, Graf Spee korazatua Wilhelmshavengo portutik atera zenean. Hans Langsdorff zuen kapitaina, baga artean asko ibilitako marinel profesionala. Itsaso zabalean zirela jakin zuten Alemaniak Polonia inbaditu eta Frantziak eta Britainia Handiak gerra deklaratu zietela. Itsasketak iraun zuen ehun eta hogei egunetan bederatzi zamaontzi hondoratu zituen Langsdorffek, ingeles banderadunak guztiak, baporeetako gizonak salbatuta beti. Atlantiko erdian zebilen abenduaren aurreneko astean La Plata ibaiaren bokalera joateko agindua jaso zuenean. Iritsi zitzaien informazioaren arabera, handik ari ziren irteten Europari ezarritako blokeoa hausten zebiltzan ontziak. Brasil aurrean zirela, Rocha muturretik 280 miliara, Exeter gurtzeru astuna eta Ajax eta Achilles arinak agertu zitzaizkien bidera.
Eguna zabaltzen ari zuen Exeterren aurka su egin zuenean. Bi ontzi nagusiak elkarren kontra aritu ziren artean, bi txikiek behin eta berriz jo zuten Graf Spee. Hogeita hamasei marinel hil zituzten ingelesek. Langsdorffek, zaurituta berau ere, Montevideoko portuan sartzea erabaki zuen. Koilaratxo bat azukre bota, eragin eta, kafea hozten utzi zuen Oscarrek. Agian Graf Speeren pasartea inoiz entzun gabea nintzelako, jakin-mina piztu zidan aitonarenarekin nola lotuko zuen ikusteko. — Garagardorik edo nahi duk? Kopakorik? Hamabost eguneko babesa eskatu zion Langsdorffek Uruguaiko Gobernuari. Alfredo Baldomir presidenteak, diplomazia ingelesa zuela sakaka atzetik, 72 ordukoa baino ez zion eman. Marinel hilak Iparreko kanposantuan hobiratu, ahal zen neurrian ontziak izandako kalteak konpondu eta Berlinera telegrafiatu zuen Langsdorffek. Bere esku zegoen erabakia. Uruguaiko Gobernuak emandako muga ordua betetzear zela, Graf Speek bokalerako bidea hartu zuen, Tacoma zamaontzia zuela gibelean. Mila gizon utzi zituen Langsdorffek lehorrean, berrogeirekin baino ez zen atera abrara. Mukuru bildu zen jendea Sarandiko uharritzan, ikusmiran. Zabalean, ingeles flota zuen Graf Speek zain. Aurreko orduetan kazetariz betetako hegazkinak heldu ziren Estatu Batuetatik ibaiaren bi hegietara, borrokaldia filmatu eta munduari kontatzeko. Ez alferrik, Bigarren Mundu Gerra bera zen Hego Hemisferioko biztanleei ustekabean etxe atariraino ikuskizun heldu zitzaiena. Korazatuak motorrak itzali zituen. Subofizial batek bolborategian lehergailuak paratzen zituen artean, tripulazioak Buenos Airestik heldutako atoiontzietara pasatzeko agindua jaso zuen. Mastan gora igoarazi zen bandera. Borraz hautsi zen tresneria elektronikoa, radar berritik hasita. Langsdorff bera izan zen ontzia uzten azkena. Arratsaldeko zazpietarako bost minutu falta zirela, danbateko mutiria entzun zen ibaiaren erdian, ke beltzezko traganarrua zerurantz igotzen gero. Ilunduta zegoen atoiontziak Buenos Airesera iritsi zirenerako. Ordurako Graf Speeko marinelak guztien ahotan zeuden. Oscarrek esanda bezalaxe dakartzat orriotara hitzak. Nola ez dakidala, kontatu zidan bezala kontatu izanak neu ere moiletan izatea lortu zuen une batez, Langsdorffen eta honen gizonen zain. Banekien horrexek galtzen ninduela maiz: iraganeko gertaera ederrek gaurko gaurraz ahaztera naramate. ( ... )"
Iruzkinak
Utzi iruzkina: