Aise joan da uda. Ezarian ari zaizkio jada Historiaren hautsa eta goroldioak lotzen. Oraindik kolore biziko irudi zaizkigunak -ikasturtearen amaierak gurasoontzat dakartzan buruhausteak, opor lekuko itsaso eta itsas bazterreneguzkipeko distira,…-, laster dira sepia kolore bakarrean lausotuko. Eta garai historiko bilakaturik, gertaera nagusiak zaizkigu errepikatuko etengabe fedabideetatik (I. Segurolaren maneran esateko): Kaukaso aldeko gudaldia, hegazkin istripuak,…
Eta, konturatzerako, hemen da ostera ikasturte berria. Hemen atzera buruhausteak (Administrazio autonomikoa lana eta familia bateragarri egiteko ematen duen laguntza urriaz hain harro azalduagatik)…
Ikasturte berria euskaltegietan ere bai. Eta azken honi hasiera emateko David Crystal hizkuntzalari galestarraren hitzaldia: hizkuntzen galeraz-eta (ehun urtean 3000 hizkuntza inguru galduko omen da munduan), lehenago ere esan izan direnak. Albiste horren hariari tiraka kausi ditzake nahi duenak Crystalen webguneaeta bloga. Eta haietan irakur hizkuntzaren galerari aurre egiteko edota, galdu arren, inoiz birsortu ahal izateko, hizkuntza dokumentuetan jasotzeak duen garrantziaz dioena. Geureari dagokionez beraz, gauza handirik erantsi beharrik ez da izango, noski.
Uda hondarrak ekarri dizkigun pozetarik da Lagun izoztuaren ailegaera. Antartida hotza utzita gure artera dator berotasun apurrik ematera. Eta, zer nahi duk bada esatea: orain ere erakutsi duk zeinen kixkalgarri suerta daitekeen izotza. Ongi etorri eta hurbilean ibil!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: