Kontzeju zaharra (Leteren gorazarrez)
SAKONETAN SAKON, LETE
EUSKAL HERRIKO BARDOA,
GOGORA EKARTZEN DIZKIT:
GAZTA ZAHARRA TA ARDOA,
IRAGAN ALDIKO JENDE
ZAILDUTAKOEN AROA,
JENDE HITZETAN LABURRA
NAHIZ KEMENEZ OPAROA.
POETA JOMUGA ETA
POETA ABIABURU:
OROITZEN DUT GAUEZ PLAZAN
MUSEN HATSAREN AIDURU.
HITZAK LEUN, HITZAK LAKAR,
IRUZKIN ETA ABURU,
IRUDI ZEIN METAFORA
EDERRENETAN SEGURU.
Irudiaren iturria: Berria
Kontzeju zaharra hantxe dago oraindik ere, Herriko Etxearen (Udaletxearen) pare-parean, errota zahar maitearen antzo, denboraren iraganari erronka joz. Lehenengo solairuko leihoetan adi, izan ginen haurraren jakin gosez baitaratzen genuen hiri-kalekumeoi guztiz arrotza zitzaigun mundu hura. Irudi eta hots jakinetan oroitzen dugun mundua: Agerreko mutiltzarrak mutikookin zuen egonarria; osaba traktorean esne-marmita handiak hartuta plazara azaltzen zen unea; herriko jaietako ahari-talka; herritarren hizkera bizi-bizia; gozo saltzailea bere otar handiak hartuta gure Kontzejupeko harrian jartzen zenekoa... Gautu orduko ordea, bardoaren unea heldua zen. Arreba zaharragoen musika-zintetatik ezagutzen genuen bizardun txima-nahasi bekozkotsua, Iriondotarrenetik agertzen zen plazara inspirazio bila, iluntasun-isiltasunen babesean.
Azken irudi hori ez dugu berriz ikusiko. Bere obra eta ahotsa, eskura ditugu ordea.
Leteren diskagintza ezagutu eta zenbait kantuz gozatzeko:
Iruzkinak
Utzi iruzkina: