Esplotatzaileak

habailarria 1458588149879 Habailarria | 2011-02-01 16:11

"Los explotadores"; © Diego Rivera, 1926 - http://encontrarte.aporrea.org/ gunetik hartutako irudia

Nire etsaiak maite ditut.
Etsairik ez daukanak
benetako lagunik ere ez du izaten.
Etsai bat kalean agurra ukatzen ikusten dudanean
badakit nire lekuan nagoela.
Etsai bat berriro haserretu zaidala jakitea
bide onean noala jakitea da.
Etsai batek nitaz idazten duen bakoitzean
nik idatzitakoaren indarra baieztatzen dit.
Etsaiena da dagoen maitasun eterno bakarra.
Bizitza osoan gogoratzen dituzte
zuk egindako irainak.
Bizitza osoan gogoratzeko moduko iraintzat
har daitekeena egia bakarrik izan liteke.
Gezurrak, arinkeriak, ezjakintasunak
ez du hainbeste irauten.
Egia atzeman eta adierazten jakin zenuelako
dauzkazu etsaiak.
Lagunik onenak ere
aitortuko ez lizkizukeen dohainak
aitortzen dizkizu etsaiak.
Nola ez maitatu zurekin hain bihotz zabala dena!
 

© Pako Aristi: "Libreta horiko poemak", Susa, 2003

Kritiken hemeroteka

 


Utzi iruzkina: