Elkarrizketan

habailarria 1458588149879 Habailarria | 2010-08-09 22:31

(...)

 Leihotik saiheski erre usaina dator, eta ondoren amantal hori bat jantzirik daraman emaztea, À table!, frantsestuek bakarrik dakiten bezala garrasi egiten, À manger!, eztarriko zain guztietatik indarrez irteten zaion xuxurla. Jakien inguruan jesarri dira Manex eta aitona. Emakume oreztadunak entsalada zerbitzatu die plastikozko koilara eta sarde oso handiekin. Manex ez da bere ama begiratzera ausartzen, nahiago du aitonaren solas lasaigarrian murgildu, ama beti dago erdi ospel. Aitonak ere nahiago du Manexekin solasean jarraitu, berarekin egotea Manuelekin batzea bilakatu da bat-batean. Amak, bestalde, nahiago du Manexek eta aitonak elkarrizketa pribatuan jarraitzen badute, ez du esparru samurrera jauzi egin nahi, eroso dago bere egontasun inpartzialean.

        —Eta Serge? —galdetu dio aitonak, hiru plater besterik ez daudela ikusi duenean.

        —Bordelera joan behar izan du bilkura batera. Ez da gauera arte itzuliko.

        Begiratu gabe erantzun dio aitonari, Manexen plater gainean uhaza hostoak pausatu dituen bitartean. Ez du aitaren ezkutuko galderari jaramon egiteko gogorik. Manex uhaza hostoei gelditu zaie begira, amaren esalditik ehunka legoara.

        Floreni bihotza kargatu zaio bilobarekin izandako solasaldiaren ostean, eta ez da gose. Alabaren muturrari aurre egiteko ere indarge gelditu da.

        —Sergek lan gehiegi egiten du, ezta? —galdetu dio Florenek.

        —Bof.

        Bof. Horrek esan nahi du: Zaude isilik behingoz, ez dut hitz egiteko gogorik, utzidazu bakean eta jan uhaza ostia hori, cette merde de laitue, kokoteraino nago zentzu bikoitza duten zure galderez, jan eta ixo, agure nekagarri hori, eta segi sagarrondoak landatzera eta irratia entzutera.

        Bizilagunen belarra mozteko makinaren motor hotsa besterik ez da entzuten mahaian. Bizilaguna bainujantzi gorriarekin eta Baionako festetako elastikoarekin egongo da ziur aski makinaren atzean, espartinak oinak baino txikiago, oskolean kabitzen ez diren itsas karakolak. Zuhaitzetako hostoak geldirik daude, beroak makaldurik. Ez dabil haizerik.

(...)

© Eider Rodriguez (Eta handik gutxira gaur ipuinaren pasartea): Susa, 2004
Kritiken hemeroteka
Song dinastiaren (960-1279) aroko oturuntza bat erakusten duen pintura txinatarra (Public domain; WWW. Wikipedia.org)

 


Utzi iruzkina: