Aratusteak

guzurtruk 1456135213698 Guzur truk | 2009-03-02 10:32
1

Hortik gaztelaniazko carnestolendas sortu zen, berorren sinonimoa den antruejo bezala, berau latinezko introitus-etik heldua, hots [ Garizumarako ] sarrera, gaur egun oso gutxi erabilia eta eskuarki baserri giroko hitz zaharkitu dialektaltzat jotzen dena.

Erdi Aroan, antzeko esangurarekin, jaialdi horiei Italian carne-levale deitzen hasi zitzaien, eta hortik gaurko italierako carnevale hitza etorri da, geroago Europako hizkuntza askotara iragana: gal., esp., cat., fr. carnaval, ingl, carnival, Alem. Karnaval, rus. karnaval, etc.

Euskara zaharrean, ideia beretik abiatuz, (haragi >) harat- eta ixte (< itxi) hitzekin haratixte sortu zen, hots, Garizuman haragia jatea alde batera utzi behar zelako. Hitz hori jada 1567 aldean ageri zaigu dokumentaturik Joan Perez de Lazarraga arabarraren eskuizkribuan. Hortixek heldu zaizkigu aratoste eta aratuste, Azkuek pentsatzen zuenez, Gipuzkoa aldeko uzte hitzarekin kutsatua, mendebaldeko herritxo batzuetan oraindik bizirik dirauena. Baina egia esan, luzaroko debekuengatik jai hori aspaldian ospatzen ez zelako, bai Bizkaian eta bai Gipuzkoa gehienean ere herriko jendeak belarriz jaso duen hitz nagusia karnabala izan da, espainieratik hartua jakina, eta hori garbi erakusten digu Euskal Herri Hizkeren Atlasak festa horren izenari dagokion fitxan.

Aldiz, Euskal Herriaren erdialde eta ekialdean, Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoan batez ere, antzinako jai horiek etengabeko irautea izan dute, Tolosa, Donostia, Lanz, Iturengo ospakizunak lekuko, eta hor tradizionalki inauteriak deitu izan dira gaur arte, erro bereko beste aldaera txiki batzuekin. Horregatik, Euskaltzaindiak, izen horrek literatura zahar eta berrian zeukan hedadura eta erabilera handia ikusita, eta gaurko irakaskuntzan eta testu-liburuetan hori forma nagusia zela konturatuta, 2000. urteko bere Hiztegi Batuan hitz hori sartu zuen gure hizkuntzaren batasunerako egokiena zelakoan. Ez zuen hautatu, ordea, aratuste, geografia aldetik bazter batekoa eta gaur, Bizkaian ere, oso jende gutxik ezagutzen eta erabiltzen zuelako, gaztelaniazko carnestolendas edo antruejo bezalatsu.

Halere, gure hizkuntzaren Akademiak orain prestatzen diharduen hiztegi batu osoagoan aratuste hitza onartu du, baina berba lokal gisa, eta horren definizioa inauteriak forma ezagunagoaren bidez ematen du. Horrek esan nahi du Euskaltzaindiak hitz hori ontzat ematen duela bigarren mailako sinonimotzat eta, oraindik bizirik dagoen tokietan –Bermeon, Mundakan edo Lekeition adibidez–, berorren erabilera berresten duela, baina, beti ere, euskararen normalizaziorako, Bizkaian zein gainerako eskualdeetan inauteriak hitz hedatuagoa gomendatuz, batez ere eskuarki karnabalak erdal hitza erabiltzen den eremuan.

Horretara, Akademiaren arauekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoaren oraingo Autonomi Estatutuaren 6.4. artikuluaren arabera Euskaltzaindia euskararen hizkuntz zuzentasuna bermatzeko erakundea izanik, gaur egungo euskal hiztegi elebidun guztiek erdarazko carnaval euskaraz inauteriak hitzarekin itzultzen dute, eta horixe da, gainera, gure ikastegietako haur guztiei irakasten zaien hitz bakarra, gaztelaniaz ere, carnaval-ez gainera, gorago aipaturiko beste berba zaharkitu horiek irakasten ez zaizkien bezalatsu.

Halere, harrigarriena hauxe da, non eta gure Herriko hiri nagusian, espainieraz zintzo-zintzoki carnaval hitz bakarra urtez urte kontsakratzen den lekuan, euskaraz, ordea, soil-soilik aratusteak bezalako txokokeria bat bultzatzen saiatzea, gure hizkuntzaren batasun eta normalizazioari kalte galanta eginez. Izan ere, ustezko aberastasunaren bila, maila apaleko sinonimoak bultzatu nahi baditugu, izan gaitezen kontsekuenteak diogunarekin, eta aberats dezagun gaztelania bera ere, eta guztiek ulertzen diguten carnaval horren ordez, jar ditzagun carnestolendas edo antruejo zahar eta interesgarri horiek.

De aratusteak

Gaztainabaltzaga

Gaztainabaltzaga 2009-03-03 11:22 #1

<P>Artikulu honetaz pare bat iritzi:</P>
<P>- agian oso kontundentea da "Antruejo" berba zaharkitua dela esatea; hedapen txikiagoa izanik ere, baliogarria izan daiteke, are gehiago tokian tokiko batzuk izendatzeko. Hizkuntza batzuetan, bestalde, "introitus-etik" eratorri dute inauteriak deitzeko modua: Antroxu (asturieraz; ik. ast.wikipedia.org/wiki/Antroxu), Entroido edo Entruido (galizieraz; ik. http://agal-gz.org/blogues/index.php/gent/2008/02/01/o_entruido_na_galiza).</P>
<P>- beraz, arazorik ez diot ikusten "Aratuste" edota bestelako izendapenak erabiltzeko eta ez halabeharrez "inauteri" hitza baino ez bultzatzea. Kultura-adierazpenekin gainera aniztasuna eskertzen den zerbait da.</P>


Utzi iruzkina: