Emaitza onak

No profile photo GURELprototype | 2010-11-07 07:21

Zapatu goiz honetan, azaroaren 6koan, Aratzek, Xabik eta Asierrek futbol partida  eduki dute eta orduan arratsaldera pasa dugu lan saioa.
Lauetan bildu gara eta gauza asko egin ditugu.
Proiektu zientifikoari bultzada handia eman diogula uste dut. Elbarrituentzako, gurpil-aulkietan dabiltzanentzako, baina baita umeen kotxetxoak eta esku-orgatilak eta horrelakoak erabiltzen dituztenentzako irisgarritasun gida bat egitea pentsatu dugu. Hau da, gure bailarako herrietako, kaleetako, tabernetako, kultur-etxeetako eta horrelakoetarako informazio zehatza edukiko duen datu-base bat sortzea. Informazio hori, gaur egun GPSek ematen dutenaren antzerakoa, elbarrituei eskura jarriko litzaike ordenagailu, telefono mugikor, ipa edo horrelako baten bitartez.



Jonek bota duen ideiari gainera, gehitu ahal zaizkie aurretik bota izan ditugun asko, botoiak sakatzeko arazoak dituztenentzako ahotsaren bidez dabilen "aginte" sistema, wifi ala bluetooth biddez gauzak egiteko aukera ematen duen modua:  igogailua aktibatzeko, atea irekitzeko, telefonotik berba egiteko...
Oso pozik hartu dugu guztiok proposamena eta orain gehiago lantzea tokatzen zaigu:
- astean zehar elbarritasunak dituzten gure ingurukoekin egongo gara beraiek faltan botatzen dituzten tramankulu, programa ala zerbitzuei buruz galdetzeko (Xabi, Asier eta Aratz Almenen eta Jon eta Ander Arrasaten).
- Euskal Herrian, Gipuzkoan ala Debagoienean elbarrituentzako zer informazio eta zerbitzu dauden jatkiteko (Asier elbarrituen elkartea).
-  Mankomunitateak zerbait egin ote duen (Jon).

Asteazkenean  ikusiko dugu noraino  egin dugun aurrera gaiarekin.

Bestetik, datorren domekako azoka prestatzen egon gara. San Milixana aurten azaroaren 14an izango da eta guri alkateak elizpea utzi digu gure mahaiak jartzeko. Bertan, bigarren eskuko jostailuak, liburuak eta gurasoek egindako artisau-lanak jarriko ditugu salgai.
Prestaketa lanak egin ditugu eta okurritu zaizkigun zereginak banatu.

Lan saioaren azken partean errobotaren programazioa egiten egon gara. Hor ere aurrerapen politak egin ditugu. Medikua  "txokora" eramatea lortu dugu eta horrekin beste misio bat lortu dugu.



Datorren astea arraro samarra izango da eta azoka eta lan saioak tartekatu beharko ditugu.

Batzuetan nekea eta zama  nabaritzen da, baina gaurkoa bezalako saio baten ostean poza ere bai, handia gainera.


Utzi iruzkina: