Txapela aramaioraaaa!
Manex Agirre aramaioarrak irabazi du Arabako bertsolari txapelketa. Asier Otamendirekin batera iritsi da buruz burukora, eta 16 puntuko aldea atera dio azkenean aramaioarrak. Txapela, familiari eta kartzelan 30 urte preso daramatzan Jon Agirre preso aramaioarrari eskaini dio Manex Agirrek.
GA_googleFillSlot("goienanet_osoa_erdian_468x60"); Gasteizko Printzipal antzokian jokatu da finala gaur. Sei bertsolari aritu dira txapelaren bila. Antzokia jendez beteta eta sekulako giroa zela ospatu da arabar bertsolarien festa handia. Blanca Gomez de Segura artisauak jantzi dio txapela txapeldunari. Idoia Beitia aritu da gaijartzaile.
Hauxe izan da sailkapena:
1. Manex Agirre (626,5 puntu).
2. Asier Otamendi (610,4 puntu).
3. Oihane Perea (413 puntu).
4. Ander Solozabal (401,5 puntu).
4. Iñaki Viñaspre (392,5 puntu).
6. Zigor Enbeita (390 puntu).
"Txapela handia dago jokoan, hasi gaitezen jolasten", iragarri du Viñasprek hasierako agurrean. Agirrek irabazi du guda. Saioa oso umoretsua eta arina izan da, nahiz eta tarteka akats teknikoak izan diren. Ander Solozabalek, saio dotorearekin estreinatu du Printzipaleko oholtza.
Zortziko txikian hasi da bertsolarien jarduna algara garraiatzen. Enbeita eta Solozabalek berotutakoa, Otamendi eta Agirreren ateraldiek lehertu dute. Idoia Beitiak informatika irakaslearen azalean jarri du Agirre. Otamendi agertu zaio klasera, ordenagailua aurrenekoz pizten zebilen 65 urteko jubilatua. "Pizteko ez du ba egin, horrelako proba / Barka Asier hau ez da zure tostadora!", kantatu du lehenengo bertsoan Agirrek.
"Windowsak lainotuta"
Bigarren alean, Otamendik zazpi dioptria dituela eta "windowsak lainotuta" dituela abestu dio. Hirugarren bertsoa honela borobildu du: "Azkena zer egin dun behar dugu jakin / sagua hil nahi zuen matarratasakin". Otamendik ederki erantzun dio ale bakoitzari eta sagua azkar mugitzen dela eta, hurrengo klasera "zepo eta guzti" agertuko dela ohartarazi dio.
Puntu erantzunetan Viñaspre defendatu da hobekien. "Hauteskundeak laster izango ditugu" hasieradun bertsoa honela amaitu du: "Ta bozkatuko dudan enago seguru/ Nahiz bertan egotea den nire helburu/Hori Madrilen batek erabakiko du".
Ofizioek irri handienak
Hamarreko txikian osatutako ofizioek margotu dute irri gehien zaleen artean. Finaleko bertso aldirik txalotuena eta algaratsuena Solozabalek Agirrerekin egindakoa izan da. Agirre, Solozabalen bikotea bihurtu dute. Lan kontuak direla-eta, ordenagailua ohera eraman du Agirrek. Solozabalek bikotea zirikatzeari ekin dio: "Bera gaueko errege, oheko barbaro /.../ sagua klikatzeaz nazkatuta nago". Agirrek Oihane Perea bezala haurdun ez geratzeko honela erantzun dio: "Mesillako kajoia har zazu helburu /antibirusa jantzi beharra daukagu". Honela bukatu du ariketa Solozabalek: "Hardwarea sartzen bada a ze komeria! /baina esan behar dut behingoaz egia / nahiz ta esan duzula pendraifa handia / zure portatilak du orain aberia/agudo bukatuko zaio bateria!".
Ale politak
Bakarkako lanetan ale politak entzun dira. Otamendiren erregulartasunak buruz burukoan sailkatzea ekarri zion. Perea, Solozabal, Viñaspre eta Enbeitak lan txukuna egin dute, baina epaileen iritziz Otamendi eta Agirre ibili dira koska bat gorago.
Pereari, zaharren egoitzara aitonaren gauzen bila joatea egokitu zaio. "Amona joan zen ta gero, Apurka itzali zara / Eta bizitzen jarraitzeko barruko indarra behar da!", jakinarazi du.
Buruz burukoan garaile
Buruz burukoan bereganatu du txapela Agirrek. Seiko motzean hiruna bertso bota ditu. Ondoren, kartzelako lana osatu behar dute, ispiluari begira burua desberdin ikusten duten pertsonaren larruan. Agirrek atera dio mamirik gehien lanari, jubilatu baten paperetik. Hona bigarren bertsoa: "Gazte garaian ederra nintzen / Hortaz, egin nuen gala / Ta bost inporta edadearen pisua eta itzala / Jakin zazue bizi zikin hau mendi errusiar bat dala / Eta denborak ekartzen digu gora behera mundiala/Ispilu aurrean ipini eta ohartu naiz berehala / Gailurreraino iritsi eta maldan behera noala!".
Iñaki Murua Bertsozale elkarteko lehendakariak eta Blanca Gomez de Segura artisauaren eskutik eskuratu du txapela eta oroigarria. Txapela, familiari eta kartzelan 30 urte preso daramatzan Jon Agirre preso aramaioarrari eskaini dio.
Iruzkinak
2011-04-03 15:53 #1
durum durum, manex manex!
Utzi iruzkina: