Aramaiorentzat lehen finalerdia
Aramaioko taldeak lehenengo garaipena lortu du Kuadrillarteko txapelketako finalerdietako ligillan
Gopegiko kultur etxeak Arabako Kuadrilla arteko lehenengo bertsolari txapelketaren lehenego finalerdia jaso zuen hilaren 11an. Hiru talderen arteko ligilla baten bitartez jokatuko dira finalerdiak eta puntu geihen lortzen dituzten biak pasako dira finalera. Eguraldiak lagundurik, jende ugari bildu zen aretoan Gasteizko Kakiturri-Ehari eta Aramaio taldearen arteko leiha zertan geratuko ote zen ikusteko.
Kapitaletik hiru beterano: Ricardo Gonzalez de Durana, Juan Mari Juaristi eta Felipe Zelaieta. Aramaio aldetik berriz lau borrokalari sutsu: Andere Arriolabengoa, Manex Agirre, Iker Agirre eta Xabi Igoa. Hauek izan ziren zazpi bertsolarien artean egin beharreko lanak Lierni Altuna gai emailearen gidaritzapean: talde bakoitzeko partaide banak zortziko nagusian hiruna bertsoko bi saio ofizioka, talde bakoitzeko partaide banak zortziko txikian hiruna bertsoko bi saio ofizioka, taldekide banak bina punturi erantzun, gaia emanda bi bertso nahi zen doinu eta neurrian, talde bakoitzeko partaide banak hamarreko txikian hiruna bertsoko saioa ofizioka eta taldeka hiruna kopla trikitilarien laguntzaz.
Hala ere, bat-bateko saioarekin hasi aurretik bertso jarrien txapelketaren finalerdia jokatuz hasi zen arratsaldea. Leihan hiru talde: Gasteizko Bertsoaren Saltsan eta Aldapazaleak eta Maestuko bertso eskola. Euren bailara gaitzat hartuta bertso sorta ederrak entzun ahal izan ziren muxukitarra, danbor eta biolinen laguntzarekin. Epaimahaikideek bertso jarrien lehengo finalista nor izango aukeratu behar izan zuten. Zaila izan zuten aukeratzen, hiru taldeak maila altuan utzi baitzuten beraien bailara. Antzerki, doinu karibeño erreibindikazio eta San Prudentzioko danborradarekin giroa ederki berotu zuten. Baina bat aukeratu beharra zegoen, eta finalean leihatuko den lehenengo taldea Aldapazaleak izango dela erabaki zuten.
Giroa bero-bero zegoen bat-bateko bertso saioa hasi zenean. Juaristik agurreko bertsoan esan zuen moduan dirua gorri zegoen, Aramaioko taldearen alde. Eta apostuek ez zuten hutsik egin. Anderek amaierako agurreko bertsoan pala eta eskoba eskatu zituen Gasteizko taldearen zatiak jasotzeko. Horrelakorik ez zen behar izan ordea, maila txukunean aritu baitziren gasteiztarrak.
Saioan zehar ale politak entzuteko aukera izan genuen. Ofizioko saioak nahiko makal joan ziren, alerik politenak bakarkako lanetan entzun genituen. Manex Agirrek bertso ederrak bota zituen euskararen normalizazioaren inguruan. Hamarreko txikian ere bertso politak entzun ziren. Andere Felipe lagunaren bila joan zenean hark ordenagailuan geratuko zela erantzun zion. Bi bertsolariak egoki aritu ziren, baina Anderek nagusitasuna erakutsi zuen tokatu zitzaion papera ederki defendatuz. Arratsaldeko ginda Santi Mamiñe doinuan kantaturiko bertsoek jarri zuten. Hor atera ziren saio guztian zehar azaldu ez ziren txispa eta umorea. Bai gasteiztarrek eta bai aramaioarrek amaiera ederra eman zioten saioari.
Behin saio puntuagarriarekin amaituta ligillako lehenengo puntua Aramaioko taldearentzat izan zen. Hurrengo saioa hilaren 18an izango da Araiako Andra Mari aretoan. Bertan Amurrioko Altubepekoak taldea eta Gasteizko Kakiturri-Ehari arituko dira. Bi taldeak lehenengo puntuaren bila, finalera joateko behar dituzten puntuen bila.
Iruzkinak
uxue 2010-04-12 19:31 #1
go xabi ateratzen zara tzarrena .jajajajjajajja!!!!!<br />
dama beltza 2010-04-13 16:07 #2
Guaposs!! nik aramaion enpadronatzea eskatu nahi dut...
peoia 2010-04-14 18:52 #3
Ei! Aramaio "guay" dago baina ez enpadronatzeko bezainbeste... zibilizazioa hurrun samar geratzen zaie. Hala ere Animo eta egurre kapitalistei!
uxue larrazabal 2010-04-19 19:55 #4
xabi itzusi es zaitut ikusi nai <br />jajajajjajajjajjajjajjajjjajjajjajajjajajaj<br />
Utzi iruzkina: