Perzepzioen ezberdintasuna.
Euskal Herrian AHTaren inguruan 2006ko bigarren zati honetan sortu
diren gertakizunak perspektiba zabal batetaz aztertu eta horrekin
batera, proiektu hau kokatzen den kontestua argitzeko unea iritsi
delakoan nago.
Urriaren 31an AHT Gelditu! Elkarlanak AHTren lanak Urbinako inguruan
hasi zituztela prentsaurrekoan salatu zuenetik, proiektuaren aurkako
adierazpenak, aldekoak, Itsasondoko herri kontsulta, Euskal Y
webgunearen aurkezpena, Gasteizko manifa, Urbinako Erresistentzi gunea,
oposizioaren kriminalizazioa... garrantzizkoak badira ere gatazka
ulertzeko, muinean, "potaje" guzti hau demokraziaren kontzeptuaz dugun
perzepzio ezberdintasunean datza.
Eta irakurlea bere burua lasaitzeko zera pentsa dezake: "Ni naiz
zilegizko demokrata eta beraiek antidemokratak" Zientzia politikoan ez
naiz aditua, baina horrek ez du esan nahi gauzak ikusten ez ditudanik
eta gauza batzu ezin dira ezkutatu. Hortik aurrera irakurleak atera
ditzala bere ondorioak.
Argumentazio hau azaltze aldera, herri kontsultak esanguratsuak dira,
ikus dezagun bestela orain urte batzu Ormaiztegin gertatu zena:
aurretik zegoen trenbidearen zubi zaharra bota edo bertan uzteko
erabakitzeko herri kontsulta bat egin zen, mantentzea erabaki zuten
ormaiztegiarrek eta erabakia bete egin zen. Goierritarra aldizkariak
311. alean Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailburuordeari
eginiko elkarrizketan Itsasondoko herri kontsultaz zera zioen:
"...Legitimoa izan daiteke horrelako ekimen bat erabiltzea propaganda
edo borroka ekintza bezala, baina hori ez da kontsulta bat" Herri
kontsulta bat "propaganda" da? Itsasondoko kontsultan bozkatu zuten 232
herritarrek ez dut uste hori pentsatu zutenik bozkatzera joan zirenean.
Irailean Gasteizko Legebiltzarrean politika orokorreko eztabaidan, Juan
Jose Ibarretxe Lehendakariak Euskal gatazka deitzen dena konpontze
aldera udaletxeak Eudelen eskutik agente aktibo izango zirela esan zuen
eta beraien partehartzea ezinbestekoa izango zela gatazkaren bideraketa
eta konponketan. Lehendakariaren ekimena eskertzekoa eta baikorra
izanik, nik zera galdetzen dut: Hor bakarrik? Komeni denean bakarrik?
Gure egunerokotasuneko beste arloetan ez? eta Tokiko Agenda21ren
barnean hartzen diren erabakiak? Demokraziaz dugun kontzeptuaren
ezberdintasuna agerian geratzen da.
Horren arira, badira bi gertakizun konkretu oso esanguratsuak suertatu zaizkidanak hilabete hauetan eta susmagarriak oso:
Lehena, lanak inongo inaugurazio ofizial ekitaldirik gabe eta
Urbina-Maltzaga autobideko desjabetzeak aprobetxatuz hasi dituztela,
ohikoak diren argazki, "lehen harria", txistulari, aurresku eta
antzekoak ez ditugu izan Urbina aldean. Kuriosoa.
Herri honentzako "ezinbestekoa" den proiektu bat gure klase politikoak
gauez eta azpikeriaz hasi izana ikusten dudan lehen aldia da.
Bigarrena eta "heavya" oso, azaroaren 27an Eusko Jaurlaritzak Bilboko
Euskaldunan yvasca.com "komunikazio kanal berria" webgunearen
aurkezpenaren inguruan suertatu zen. Egun berean Vocento taldeko
DiarioVasco eta Correo EspaƱolek artikulu mamitsua zekarten non
Batasunak AHTren aurkako oposizioa bereganatzeko "plana" duela azaltzen
zuten.
Egun berean bi gauza horiek gertatzea ez zen kasualidadea izan, ondo
baino hobeto pentsatutako mugimendua izan zen. Haratago noa: AHTren
oposizio anitzaren kriminalizazio saiakera garbi bat izan zen. Hori
horrela izanda, zeren zain daude AHT Gelditu! Elkarlana 18/98 sumarioan
sartzeko? Koherenteak izan daitezela ta eraman dezatela AHTren
oposizioa epaileen aurrera behingoz.
Ezker Abertzalearen aportazioa AHTren aurkako oposizioan beharrezkoa
eta garrantzitsua izanik, (bakoitzari berea, ezkurraren legea) oposizio
hau tresna politiko bezala erabiltzeko tentazioa Ezker Abertzaleak
izatea zilegi eta posible da, hain inuxentea ere ez naiz eta
aurrekariak hemeroteketan daude, ikus bestela Leitzarango autobidearen
edo intsumisio mugimenduaren kontrol saiakerak. Baina AHTren aurka eta
Ezker Abertzaleko kide ez garenon herritar anitzen erronka hor dago:
Ezker Abertzalea gure alboan izan edo ez, euskal gizarteari Abiadura
Handiko Trena zentzugabekeri bat dela azaltzea.
Alegia, AHTaren oposizioan "los de siempre" gaudela entzuteaz aspertuta
nagoelako parte hartzen dut Goierriko AHT Gelditu! Elkarlanean.
Hurbildu eta ezagutu eiguzu.
Xabier Eskisabel (Beasain)
Iruzkinak
Utzi iruzkina: