Gaur ere AHTren aurkako jende multzo bat obretara sartu da

Ehundaka pertsonak AHTren aurkako protesta egin dute Ordiziako “Euskal Y”aren lan-eremuan

Ertzaintzaren despliegeak ez du ekidin gaur ehundaka pertsona “Euskal Y”aren Ordiziako obren eremura AHTren aurkako protesta eramatea, lan horiek berehala geldiaraztea exigitzeko. Eguerdiko hamabietan AHT Gelditu! Elkarlanak deituriko manifestazioa habiatu da Ordiziako kaleetan barna eta 500 manifestari inguru heldu dira obretatik hurbil dagoen Malkasko auzora. 

Bertan, ehundaka lagunek, ordu erdiko eserialdi bat egin dute, polizien hesiaren aurrean, Abiadura Handiko Trenaren aurkako ohiuak eginez. Manifestazioa bukatu ondoren, AHTren aurkako hainbat aurkari Ertzaintzatik metro gutxitara kateatu egin dira eta aldi berean, beste aurkari-talde bat obren zonaldera sartu eta eskailera baten bidez, eraikuntza enpresek bertan darabilten eraikin baten teilatura igo dira. Zazpi pertsonako talde horrek bi pankarta erraldoi zintzilikatu ditu teilatutik, obrak gelditzeko eskatuz eta inposaketaren aurka desobedientzia aktiborako deia eginez. Pankartek leloak “Obrak gelditu! Lurra ez txikitu!” eta “AHTrik ez! Ekintza zuzena, desobedientzia!” ziren.


Obren eremuaren kanpoan kateatu direnek, Ertzaintzaren esku-hartze latza pairatu dute, kateak moztu dizkietenean, oraindik eskumuturrak eta orkatilak lotuta zituztela, eta babesteko erarik ez zutela, lurretik arrastaka eraman dituzte kolpeak emanez. Horietako batek ubeldurak azaldu ditu buruan.

Bien bitartean, aurkarien bigarren taldea, teilatura igo dena, kateatu egin da. Berehala, obrako zinpeko guardiek teilatura igo eta pankartak bota, eta zeramatzaten aldarrikapen-elementu guztiak kendu dizkiete. Ordu luzea pasa ondoren, Ertzaintzaren antidisturbioak bertaratu dira eta kolpeka eta indarrez tiraka eta bultzaka eraikinetik kanporatu dituzte. Ordurako, ehundaka ziren obren zonaldera menditik sarturiko pertsonak. Beste zenbait lagunek ere makinetara igo eta kateatu dituzten euren buruak. Ertzaintzaren jarrera gero eta bortitzagoa izan da, eta pilotak jaurtiz eraso egin die menditik protesta egiten ari zen jendearen aurka. Horien atzetik korrika ere joan dira eta zenbait esposatu eta identifikatu dituzte.

Nahiz eta Ertzaintzaren esku-hartzea bortitza izan, jende ugari obren zonaldean geratu da, desobedientzia eginez. Azkenean, Ertzaintzak hamarnaka lagun horma baten kontra eduki eta gutxienez 25 pertsona identifikatu ditu. Ondoren, lekutik ateratzera derrigortu dituzte.

Desobedientzia-ekintza honetan parte hartu duten lagun ugariek, lur kaltetuen okupazioaren eta bertan ibiltzeko debekuarekiko erabateko gaitzespena adierazi nahi izan dute, eta Mariaratz bailara herritar guztien eta naturaren ondare publiko izan behar dela aldarrikatu. Halaber, obrak hastea erabat gaitzesten dutela argi utzi dute, lan horiek berehala geldiaraztea eskatuz.

Gaur eguerdian, Ordizian obretara egindako martxaren ondoren, AHT Gelditu! Elkarlanak jende guztiari dei egin nahi dio datorren larunbatean Donostian egingo den manifestazio nazionalean parte hartzeko. Manifestazio horrek, jaialdiak lagunduta, azken asteotan AHTren proiektuak Euskal Herrian kalteturiko herrietan barna ibili den Gelditour ekimen ibiltari informatiboari amaiera emango dio. Orain bertan, gelditour Ordizian izan ostean, herri-bazkaria ospatu da Itsasondon, 150 herritar inguru bilduta. Bazkalondoan batzarra egin da gaurko mobilizazioen gaineko balorazioa egin asmoz.


Utzi iruzkina: