eskoriatzako akten altxamendua
AHTren DESJABETZAK BERTAN BEHERA GERATU DIRA ESKORIATZAN
Herri mobilizazioak eten egin du Espainiako Sustapen Ministerioak agindutako lurrak okupatzeko akten altxamendua.
AHT Gelditu! Elkarlanak deituta, 150 lagun elkartu dira gaur goizean Eskoriatzako Udaletxean “Euskal Y”-aren nahitaezko desjabetzapenak arbuiatzeko egindako mobilizazioan. Udaletxe barrua eta kanpo aldea jendez gainezka zegoen goizeko 9tarako. Geroago, Espainiako Sustapen Ministeritzako ordezkariak Ertzainek lagunduta iritsi direnean, Udaletxeko atea jo dute jendearen AHTren aurkako protesta eta oihuen artean. Aldarrikapenaren indarraren aurrean, akten altxamendua bertan behera uztea erabaki dute.
Horrekin batera, atzo arratsaldetik itxialdia egin dute Eskoriatzako Udal aretoan 40 lagunek. Kalean informazioa zabaldu zen eta herriko plazan proiektu honen aurkako aldarrikapenak zituzten pankartak jarri ziren. Hortan hari ziren 5 lagun Ertzaintzak identifikatu eta faltak egotzita, auzipetu egin dituzte. Datorren astelehenean goizeko 10:15tan epaituak izango dira Bergaran.
Protestarekin bat egin dute paroa konbokatuz Eskoriatzako HUEZI fakultatean eta ikasle ugari bildu dira kontzentraziora.
AHT Gelditu! Elkarlanari oso garrantzia handikoa iruditzen zaigu gaur lortutakoa, erakutsi baita posible dela herritarren mobilizazioaz eta desobedientzia zibilaz proiektu inposatzaileen aurrean planto egin eta hauek geldiaraztea.
Gaur egindako aurrera pausoa ikusita, maiatzaren 6, 7, 8 eta 13an Aramaion Espainiako Sustapen Ministerioko ordezkariak lurrak okupatzeko bertaratuko direla eta, AHT Gelditu! Elkarlanak mobilizazioak deituko ditu Arabako herri honetan ere. Aipagarria da herri honek proiektu honekiko duen aurkako jarrera; eta AHTren inguruko inkesta egiteagatik bertako alkatea auzitara eraman du Espainiako Gobernu Ordezkari Paulino Luesmak. Gogor salatzen dugu Espainiar Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak proiektu txikitzaile honen aurka hartutako jarrera bortitza.
Bukatzeko, gaur, Eskoriatzan, arratsaldeko 7tan herriko plazatik abiatuko den manifestaziora ahalik eta jende gehien biltzeko deia egiten dugu.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: