Desjabetuen artean informazio eza
Honela adierazten digu desjabetu batek bere bizipenak, bere lurrak kentzera etorri zitzaizkionean:
«Ez dut ulertzen nola eraman daitekeen aurrera AHTren proiektua daramaten eran»
Laster dira hastekoak Abiadura Handiko Trena Goierritik pasatzeko egin beharreko lanak. Ordizia eta Itsasondo bitarteko 2.859 metro luzeko tartea izango da egingo duten lehena. Hasi aurretik, ordea, ibilbideak hartzen dituen lurretan, desjabetza prozesua burutu behar da. Prozesu hori bertatik bertara bizi izan du Legorretako Olalde baserriko Aitor Esnaola lur jabeak.
Zer da desjabetu dizutena?
Pinudia. Mariaratzeko zubia gure pinudira irtengo da.
Gertutik jarraituko duzu AHTren gaia, ezta?
Oso gainetik jarraitu dut, eta komunikabideetan hasieratik garbi ikusi dena da zenbat gezur eta nola bota dituzten, eta horiei buelta nola eman nahi izan dieten.
Nola jarri ziren zuekin harremanetan?
Orain hilabete eta erdi Ordiziako udaletxetik deitu eta AHTren inguruan bilera bat zegoela esan ziguten. Hasieran Elkarlanak deitutakoa zela pentsatu nuen, baina Udaletik deitzeak harritu ninduen. Bilerara joan ginenean desjabetuak banaka-banaka hartu gintuzten.
Nola izan da desjabetza prozesua?
Jaurlaritzatik bidalitako hiru lagun zirela esan ziguten, ingeniari eta abokatu bana tartean. Komunikazio guztia gaztelania hutsean izan zen. Plano bat erakutsi eta behin betiko espropiazioa eta behin-behineko espropiazioa zein izango zen jakinarazi ziguten. Hasieratik esan ziguten, esaterako, Ordizian gehiengoak sinatu zuela eskaintza. Eta onartzen ez bagenuen hurrena Estatuak bidalitako beste enpresa batek %40 gutxiago eskainiko zigula. Gaztelaniaz, banan-banan eta denek sinatu dutela esatea presioa da.
Negoziatzeko aukerarik ez duzue izan, beraz?
Ez, ez, ez. Eman dizkiguten aukera bakarrak beraiek kontraesanetan harrapatzekoak izan dira. Ez dute azaldu ez tratu batera iristeko inolako borondaterik, ez galdetu zein asmo genuen ere. Jabeak gu izanda, terrenoaren truke zenbat nahi dugun galdetzea tokatzen zaie.
Bigarren bilerarik egin duzue? Bai. Deialdia pasatu zigutenean zalantza adierazi genien, baina azkenean joan ginen. Eskaintza egiteko zen. Hogei espezie babestu sartu zituztela esan ziguten terrenoaren balorea igo zedin, eta ez dagoen itxitura bat ere bai balorea igotzeko... Kontuan izan genezan jakinarazten zigutela esan ziguten. Mesede bat egiten ariko balira bezala, goxoki bat eskaintzen ariko balira bezala. Egia esan, oso baldarra iruditu zitzaidan, eta hori negoziatzea bada... Diru publikoarekin ari dira jolasean. Aldeko edo aurkako erantzuna baino gehiago, guk egindako ekarpenak (eztabaida sozialaren aukera, garraio azpiegiturari buruzko eztabaida, proiektuak beste hainbat arlotan izango duen eragina...) zegozkionari iritsaraztea eskatu genien bakarrik.
Zer baldintza bete beharko lirateke planteamendu egokia izateko?
Eztabaida sozial zintzo bat aurrera eramaten bada eta ikusten bada hortik pasatu behar dela, hizketarako prest egongo gara.
Zein da une honetan duzuen sentimendua?
Amorrazioa. Ez dut ulertzen nola eraman daitekeen aurrera AHTren proiektua daramaten era desatsegin honetan. Diru publikoa guztiona da. Lehengo trenbide sarea egokitu eta handik pasa daiteke. Ez du zentzurik 500 metroren bueltan bi trenbide sare izateak eta bietako bat inon ez geratzeak. Tartean beste interes batzuk daude.
Aitor esnaola desjabetutako lur jabea
Iruzkinak
Utzi iruzkina: