ULTZAMARA IRTEERA
Azkena igaro zen udan, Gabiriko
Goruntz dantza taldeari, Nafarroako Ultzama bailarako Iraizotz herriko festetan
saio bat egiteko aukera sortu zitzaion. Aukera hau, zerbait berria zen
Goruntzeko dantzarientzat, eta Nafarroako herri txiki honetan dantza egiteko
aukera izateaz gain, festak zirela kontuan hartuta, bi aldiz pentsatu gabe
asteburu pasa hara joatea erabaki zen. Horretarako, udaran zehar hainbat dantza saio egin zituzten herriko gazteek,
behar bezala prestatutik joateko.
2009ko irailaren 12an, 30 gazte inguruko koadrila
batu zen Iraizotzera joateko gogo biziz. Hiru eta erdiak aldera abiatu ziren
Gabiriatik Ultzamako ibarrera, bakoitza zeregin ezberdinekin. Batzuk dantzariak
eta musikariak ziren, eta gainontzekoen lana, afaria bera prestatzea eta
horretarako mahaia eraman eta prestatzea ziren, besteak beste. Beraz, azken
finean, dantza taldearen irteera izan beharrean, herriko gazte guztien irteera
izan zen, asteburu pasa ederra.
Bostak aldera iritsi ziren gazteak Iraizotzera,
eta lehenik eta behin euren “kanpamentua” muntatzeari ekin zioten: kanpin
dendak, kotxeak, afaltzeko mahaia... Hau egin ondoren, dantza egin behar
zutenek beharrezko prestaketari ekin zioten: arropak jantzi, beroketak egin,
azken entsaioak burutu...
Sei eta erdiak aldera ekin zioten Gabiriako dantzariek saioari. Dantzari guztiak eta musikariak, desfile moduko batean agertu ziren herriko plazara, aurretik “Goruntz Gabiria” idatzia zuen ikurrina bat zutela. Dantza saioak berak, ordubetetik gora iraun zuen. Esan behar da, Iraizotz herria txikia izanagatik ere, jende asko zegoela saioa ikusten, eta bertakoek ondoren esan zutenagatik, gustatu zitzaien gabiriarren dantza saioa.
Dantza saioa amaitu eta eztarria pixka bat freskatu
ondoren, afaltzera joan ziren gazteak. Herriaren gaineko muino batean prestatutako
mahaian afaldu zuten gabiriko gazteek, umore ederrean. Ondoren, afariarekin
indarrak behar bezala berreskuraturik, herrira jaitsi ziren, festak baitziren.
Gau horretan, bi taldeen kontzertuak zeuden, batetik, Nafarroako “El trono de
Judas” punk taldea, eta bestetik, guztiok ezagutzen dugun Trikizio taldea.
Beraz, esan beharrik ez, ederki pasatu zutela gazte gabiriarrek.
Gaua festa giro bikainean igaro ondoren, hurrengo
egunean berriro ere herrira itzultzeko garai heldu zen. Beraz, gazteek dena
jasotzeari ekin zioten, kanpin dendak, mahaia, zaborra... Guztia txukun antzean
utzi ondoren, kotxeak hartu eta Gabiriara bueltatu ziren gazte gabiriarrak,
bilobei sutondoan kontatzeko esperientzia berri batekin.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: