Ni, gragario
Ni, gregario bat naiz, gregario bat izan naiz beti.
Badakizue, txirrindularitzan zeri esaten zaion gregario: taldeko kide apal eta langilea, liderrarentzako eta taldearentzako etengabe ibili ohi den horietakoa.
Gregarioak taldearen estrategiak gauzatzeko ezinbestekoak dira, liderren garaipenei behar-beharrezko ekarpena egiten diete, beti gora eta behera: “hoa liderraren aurretik, haizea kentzeko”, “eskapa hadi, kontrarioa hiri jarraitzen nekatu dadin”, “eutsiok beste taldeko horri, ez utzi joaten”, “eramaiok botila hau aurrean dihoan liderrari” edota “hoa atzera eta karreatu ezak liderra aurrealdera”. Horra hor gregarioen eginkizunetako batzuk. Beti inorentzat lanean, lehertu beharrean, inoiz podiumuk ikusi ere gabe. Beno, inoiz edo behin etapa bat irabazteko enkargua edota baimena lortuz gero, loria behatz-puntekin ikutzeko aukera ere bai...
Lehen, teknologia-aroa baino lehen, neketsuagoa zen gregarioen lana. Mezuak hara eta hona eramatea ere gregarioei zegokien: “hoa pelotoi-burura eta esaiok liderrari hurrengo mendatea jaistean atakatzeko”, “hoa bueltan zuzendariaren automobileraino eta esaiok liderra ondoezik dagoela”, beti gora eta behera, lasterketa nola zihoan apenas erreparatu gabe.
Liderrarekin ongi konpondu ala harroputz halaena ezin ikusi, hari laguntzen, haren ahulaldiak estaltzen eta haren anbizioak laguntzen egun santu guztian, urte osoan, profesionaletako bizialdi osoan.
Gregario izateko zer behar da?, zeintzuk dira gregarioaren ezaugarriak?
Lehenik eta behin, puntako txirrindularia ez izatea, noski; liderra izateko doai edo anbiziorik ez izatea, noski. Liderretarako balio ez baduzu eta txirrindularitzan profesional izan nahi baduzu, gregario izan beharko!
Bigarrenik, txirrindularitzan profesionaltasun minimo bat izatea: sufritzen jakitea, lehertu arte lan egiteko prest egotea, igotzen, lauean nahiz erlojuz kontza gutxieneko maila ematea, eta, jakina, zeure burua zaintzeko eta forma egokian egoteko ardura.
Hirugarrenik, apaltasuna. Gregario hastea erraza da: afizionatuetan nabarmendu ondoren, profesionaletara igaro eta talde batek kontratatzen zaituenean , argi dago talde-lana eskatuko zaizula (fenomeno bat ez bazara, behintzat). Baina tenporadak joan, tenporadak etorri, gregario jarraitzen duzunean, onartu beharra daukazu.
Gregario ona izaten ikasi behar duzu orduan, konfiantzazkoa, saiatua, argia eta langilea. Hots, taldearen “sostengua eta habia”, Profesionaltasuna garatu eta teknikoki hobea bilakatu. Horrela beteko duzu zure lekua taldean... eta munduan.
Gregarioa izatea gogorra da, ikusten duzuen bezala, neketsua eta esker gaiztokoa, apala eta behar-beharrezkoa, eta ni horretara dedikatu naiz, horretan eman dut nire bizitzako parterik handiena. Bizikleta gainean? Ez horixe! Politikan.
Zer da politikan gregarioa izatea? Txirrindularitzan bezalaxe, laguntzea. Aterrik gabeko lanean, taldearen arrakasta bilatzea, besteren garaipenak zerbitzatzea, talde-lanean aritzea. Txirrindularitzan bezala, liderraren aitzindaritza garrantzitsua baldin bada, eta jarraitzaileen sostengua behar-beharrezkoa, gregarioen lana ezinbestekoa da.
Txirrindularitzan bezala, politikagintzan ere gregarioak langilea, teknikoki prestatua eta leiala izan behar du. Edo saiatu, behintzat.
Idazki sorta honetan gregarioon gorabeherak azaltzen saiatuko naiz; gregarioaren eta liderraren arteko harremana, talde bereko eta beste taldeetako gregarioekikoak, zuzendari teknikoarekin eta jarraitzaileekin sortzen diren ika-mikak, eta abar. Argigarria izango dela uste dut.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: