Kapitalismoaren amaiera?

getag 1456133226747 G&G | 2008-10-12 10:36


Krisiatik crash-era igaro da munduko ekonomia, ekonomia globala.
Ia ez gara oroitzen lehen porrotez (Fredi Mac eta Fanni Mae), susmoak, zurrumurruak eta, azkenik, porrotak gero eta abiadura handiagoan jakiten genituen-eta. Lizardi poetak liokeenez, Bakan-bakanka, leenen ... Sarri-sarri, gero.
Diagnosiari buruz ados daude aditu gehienak: arrisku biziko Aktiboekingo espekulazioak bankuen balantzeak usteldu ditu eta, ondorioz, bankuen artean konfiantza-ezak dirua, likidezia, desagertarazi du.
Horretara etorri dira estatuen esku-harteak: alde batetik, jendearen konfiantzari eusteko, gordailuak bermatuz eta, bestetik, arriskuko (honezkero, arriskuko baino gehiago baliogabeko) aktiboak erosteko eta, ondorioz, merkatu finantziarioen fidagarritasuna berreskuratzeko.
Krisiaren jatorria, bistan da, Estatu Batuetan dago. Hedatu, baina, mundu osora hedatu da. Eta amaitu, noiz eta nola amaituko den ez da erraz antzematen.
Ondorio batzuk, ordea, aurreikusi daitezke:
- Errazena: dirua burtsan zuen jendea (akziotan, bonotan, funtsetan, eta abar) pobreago da gaur eta, txarrena, pobreago dateke zurrunbilo hau amaitzean.
- Mingarriena: krisia iritsi da kontsumora (beldurra bidelagun) eta, ondorioz, ekonomiaren alor guztiak hasi dira edo laster hasiko dira lan-eskasia sufritzen eta langileak kaleratzen. Automobil-industria hasi da, ondorioz makina-erreminta ere bai; etxetresnen sektorearena gehiago dago lotuta Espainiako merkatuaren berezitasun batekin: etxegintzaren burbuila puztua lehertzearekin, alegia.
- Iraunkorrena: krisialdi honek mundu-mailako ekonomiaren banaketari eragingo dio, aurrekoek eragin zioten bezala: sektore osoak aldatuko dira zonalde batetik bestera eta faktore desberdinen (energiaren, diruaren, lehengaien edo eskulanaren) prezio erlatiboen aldaketek  herrialde batzuen garrantzia indartuko du edota apalduko.
- Estatu Batuen nagusitzak izugarrizko kolpea hartu du. Munduko indar militarrik handiena izanda ere, Estatu Batuen ekonomia ahuldu egin da eta munduko gainerako ekonomien mendekoago bihurtu da. Horrela, atzerriko diru-funtsak (dirua ugari duten petrodolareen funtsak edota funts txinatarrak) etorri dira ekonomia amerikarra salbatzera edo, bestela esanda, erostera.
Guzti honen ondorioz, gaur egun pentsa daiteke dolar estatubatuarrari ez zaiola asko gelditzen merkatu globaleko ordainketa-diru izaten jarraitzeko.
- Azkenik, gehiegitan irakurri den tentelkeria bat: kapitalismo liberalaren amaieraren aurrean gaudela. Lehenik eta behin, egunotan iragartzen ari diren interbentzioak unean-unekoak dira, koiunturalak, eta ez egiturazkoak. Inork ez du uste Estatu Batuetako gobernuaren esku jarraituko dutenik banku eta finantza-erakunde horiek krisialdia amaitu eta gero. Bigarrenik, kapitalismo liberala, anarkokapitalismoa ezik, bateragarri delako estatuaren esku-hartzearekin, ez bakarrik Europan (eredu sozialdemokratikoa, baina baita Frantziako gaullista, adibidez), baita Estatu Batuetan ere (F. Rooswelt-en New Deal, adibidez)
Argi dago, nolanahi ere, datozen urteotako ekonomia zainduagoa, arautuagoa izango dela, interes-tasak altuagoak izango direla eta dirua garestiagoa izango dela; lanik eza areagotu egingo dela eta kontsumoa gutxituko. Garai ilunak datozkigu!
Berri ona korbata eta ezpain-kolore saltzaileentzako. Hurrengo batean azalduko dizuet zergatik.


Utzi iruzkina: