Gernika eta barkamena

getag 1456133226747 G&G | 2007-04-27 17:01



Gernika suntsitu zutela 70 urte igaro dira eta atzoko egunez oroitu genuen herri-erakundeek eta herritarrok.
Ibarretxe lehendakariak euskaldunon aspaldiko eskakizuna berretsi zuen: Espainiaren ordezkariek barkamena eskatu dezatela.
Oilartu da zenbait espainiar idazle: zer dela eta eskatu behar du barkamena Espainia demokratikoak frankozaleen sarraskiarengatik?
Lehenik eta behin, Alemania demokratikoaren ordezkariek eskatu dute, beren tokamenduagatik. Eta alemanak lan-eskua besterik ez zirela izan, egile hutsak. Franko eta frankotarrak, berriz, bultzatzaile amorratu eta gezur-estaltzaile setatsuak.
Gainera, eta niretzat erabateko arrazoia da hau, Espainiaren izenean egindako sarraskien erantzule da Espainia, es herria baina bai Estatua, eta Espainiako Estatu hau haren ondorengo eta oinordeko zuzena da. Espainar guztiak ez dira erantzule; Espainia, ordea, bai.
Era berean, egokia iruditzen zait Ibarretxe lehendakariak Euskal Herriaren izenean erahildako eta kolpatutako guztiei barkamena eskatzea: gure izenean egin dituzte egin dituzten krimenak, Euskal Herriaren izenean. Bihoakie, ordainez, erasotuei barkamen-eskea Euskal Herriaren izenean. Urte luze hauetan erru gabe eroritako zenbaiti, bestalde, Estatatuak eskatu beharko dio barkamena, Espainiaren eta Estatuaren izenean izan baitziren erahilak, esate baterako, GALen biktimak
Azkenik, egokia iruditzen zait Ibarretxe lehendakaria Euskal Herriaren izenean mintzatzea, euskaldun guztion artean hautatua ez izan arren, politikoki euskal herritar izan nahi dugun guztion artean hautatu dugulako.
Esan beharra baitago, Hiru Probintziotako erakundeak "nazionalak" direla, naziotasunean oinarritzen direlako (EHAEeren 1. artikulua) eta Hegoalde osoa (behintzat) biltzeko borondatea eta mekanismoak dituztelako.
Laburbilduz, barkamena merezi izateko, barkamena eskatu behar da eta barkamena eskaini behar da. Guztiok eta bakoitzak.


Utzi iruzkina: