Txapela, Gasteiztik Agurainera

gasteiz-bertsozale 1456133106692 Gasteizko bertso kontuak | 2009-04-05 23:00

OIHANE PEREAK JANTZI DU TXAPELA  ARABAKO BERTSOLARI TXAPELKETAN

Oihane Perea aguraindarrak 609,5 eskuratu ditu eta Asier Otamendik 588punturekin lortu du bigarren postua. Bi hauek arituko dira udazkenean hasiko den Eukal Herriko Txapelketa Nagusian.

 

 

Arratsaldeko bostetarako Printzipal Antzokia jendez lepo zegoen. Pankartak nonahi, eta giroa gori. Lehia parekatua aurreikusten zen baina sorpresak ere izan du lekua: aurten inoiz baino arabar gehiagok jarraitu dute txapelketa  kanporaketatik finalera arte. Idoia Beitiaren agindupean aritu ziren hurrenez hurren Ricardo Gonzalez de Durana, Asier OTamendi, Oihane Perea, Iñaki Viñaspre, Manex Agirre eta Juan Mari Juaristi. Saio borobila burutu zuten guztiek, inoiz baino freskotasun handiagoarekin .

 

Finalak bi fase izan zituen. Lehendabizikoan zortziko handian, zortziko txikian eta hamarreko txikian hiruna bertso ofiziotan bota behar izan zituzten.Bakarkako ariketa bestalde, puntuari erantzuna eta gaiari bina bertso kantatzea izan zen. Buruz burukoan seiko motzean eta gaiari hiru bertso abestea zuten eginbeharra.

 

 

Zortziko handian Oihane  Perea eta Iñaki Viñaspre bikote baten azalean jarri zituzten.Ume baten esperoan bost izango zituztela esan berri zien medikuak.Pereak honela ekin zion: <<baina bost ume ta bi bular, hori posible ote da?/norabaitera joan beharko dugu donante bat eskatzera>>. Viñasprek berriz honela erantzun zion: <<argi esango dizut oihane zuk ulertzeko bezela/gaurtik aurrera etxe honetan sei ume izango garela>>. Rikardo eta Asier bi arrantzale jubilatu berriren azalean jarri zituzten eta Manex eta Juanmari ospitaleko haurrei irri bat atera asmoz joandako pailazoetan.

 

 

 

Zortziko txikian saio polita osatu zuten Asier eta Oihanek. Asier Oihaneren eskulturako ikaslea zen eta irakaslearen erakusketa bat ikusten ari zenean bere lan bat aurkitu zuen. Juan Mari eta Rikardo hondartzara elkarrekin joandako bi lagun bilakatu ziren eta, azkenik, Iñaki eta Manex, aita semeen paperean jarri zituzten. Manex semea, tatuaje batekin etxeratu berria zen.Hona Iñakiren aurreneko bertsoa: “Gogorra da bai baina hau ez dugu drama/Ume txiki hau hezitzen hartu dugun lana/damutu behar zaizu Ai manex laztana/Ipurdian pailazo bat egin izana”. Manexen erantzuna ordea, tamainakoa izan zen: “Hiru bronka boteak gaur dizkit segido/ tatuaia kentzeko behin eta berriro/Zuk esan mekauendios bolumena igo/Nik logikoki ez dizut kasurik egingo”.

 

Puntuari erantzunean bertsozaleari eskainitako ale dotoreak josi zituen aurtengo txapeldunak:

 

BERTSOAREN MUNDUAN

SARTZEN GARENEAN

Hainbeste jende dugu

Gure oroimenean

Gaur ia zazpirehun

Igota trenean

Mila izango gara

Etorkizunean

 

 

 

Txapeldunordea fin ibili zen hamarreko txikian Manex Agirre aramaioarrarekin ofizioa txukun osatuz. Gaiak hala zioen, Asier ejerzitora derrigortuta joan zen, eta Manex semeak borondatez ejerzitoan izena eman nahi duela adierazi zion.

 

ASIER

Inbidia eman nizun

Gainera egitan

Ezkutatzeko asmoa

Izan dut sarritan

Ze gaizki pasa nuen

Garai aspalditan

Hori ikusiz disdira

Daukazu begitan

Jantzi zenezakeen

Baina inauteritan

 

MANEX

JA JA inauteritan

Ba nik ez dut uste

Etxean pasa ditut

Hamaikatxo urte

Diodana serio

Hartu behar zenuke

Fusila ta bandera

Musukatzean truke

Zu bezela gizon bat

Izan nahiko nuke

 

ASIER

Izan zaitez ba gizon

Har zazu tamaina

Eta etxetik urrun

Zoaz alajaina

Igual afganistanen

Zuk egin azaña

Jarri trajea eta

Esan bibaespaña

Baina oroitu etxean

Ni naiz kapitaina

 

 

MANEX

Hau kapitain pilotu

Ohorez bustia

Bere menpe daukana

Gaur etxe guztia

Militarra izan nahi dut

Dut erabakia

Sobran daude hainbeste

Broma ta aitzakia

Gainera ondo datorkit

Kolore kakia

 

Bakarkako lana erregular joan zen. Denek utzi zuten ale gogoangarriren bat, baina bigarren fasera ihes egiteko txartela bik soilik lortu zuten: Asier Otamendi eta Oihane Pereak.

 

 

Bigarren fasean beraz, seiko motzean aritu ziren hamabost urteko bi gazteren azaletik. Elkarri askotan begiratu baina sekula hitz egin gabeak zirela eta, Oihane Asierri hitzegitera hurbildu zitzaion. Saio umoretsu eta bizia egin zuten biek. Lehia estua zegoen eta bakarkakoan erabaki zen txapelduna. Gaiak hala zioen:Egunkariko notizia hori behin eta berriro irakurri duzu. Oraindik ez duzu guztiz sinetsi.Otamendik egindako ustekabeko potoak amaierako puntuazioan eragin zion. Hala eta guztiz ere, maisutasuna erakutsiz Iruña Veleiako aurkikuntzaren pare jarri zuen arabako txapelaren aurkikuntza berria. Oihane Pereak aldiz, emakumearen zapalkuntza izan zuen aldarri:

 

 Martxoak 28,

Ta egunkarian barrena

Titular triste bat dago

Guztiz hunkitu nauena

Norbaitek gaur aurkitu du

Bere bidearen azkena

Emakume izatearren

Hori da gure kondena

Bakarren batek barruan

Eduki arren problema

Guztiak sentitu ditut

Mina, amorrua ta pena

 

Egunero gertatzen da

Holako hainbat istori

Gizontasunak ez  dauka

Antza hainbat kategori

Behin eta berriro gara

Zulo berean erori

Eta gure askatasuna

Galtzear edo galzori

Genero indarkeria

Bakar bakarrik da hori

Harropuzkeri galanta

Maitasunaren hilobi.

 

Ta gasteizen gertatu da

Hemen bertan halafede

Batzuek pentsatzen dute

Direla etxeko errege

Eta alper alperrik dira

Polizia eta lege

Bilakatu nahi gaituzte

Haien panpin ta titere

Aholkutxo bat badaukat

Ta egin nahi nuke nere

Ez dezagu permititu

Hitz zakar bakar bat ere

 

 


ARABAKO BERTSOLARI TXAPELKETA 2009
Gasteiz (Finala)

BERTSOLARIAK
  • Oihane Perea Perez de Mendiola (609)
  • Asier Otamendi Alkorta (588)
  • Manex Agirre (406.5)
  • Juan Mari Juaristi (385.5)
  • Iñaki Viñaspre (365)
  • Rikardo Gonzalez de Durana (349.5)
Gasteiz
2009-04-04
Printzipal Antzokian
17:00

GAI-JARTZAILEAK
Idoia Beitia
AURKEZLEAK
Rakel Anitua

DOKUMENTUAK

 

 

Honenbestez sustraiak errotuz kimuak loratu dira.Arabako bertsolari txapelketak datorren urtean ere izango du zer esan eta emana. 

 

 

 

ARABAKO BERTSOZALE ELKARTEA


Utzi iruzkina: