Printzipala lepo, Manex Txapeldun
Manex Agirreren udaberria hasi besterik ez da egin
Iaz kuadrilla artekoan irabazi ostean, falta zitzaion txapela atzo jantzi zuen Manex Agirrek 626,5 puntu bilduta. Asier Otamendirekin kantatu zuen buruz burukoan.
GARA- Ane ARRUTI
«Joven promesa eterno» aramaioarrak, berak definitu bezala, hainbestetan hatz muturrekin ukitu duen txapela jantzi zuen atzo eta barren-barrenetik lehertu zitzaion poza taula gainean. Bi ukabilak astinduz eskertu zituen Printzipal antzokian bildutako 650 bertsozaleen txaloak eta animoak. «Manex disfrutau, baña txapela etxea» zioen pankarta batek, eta bi aginduak beteta itzuli zen mutila udaberri paregabea espero duen Aramaiora. Izan ere, maiatzean askatasuna berreskuratuko duen Jon Agirre presoari eskaini baitzion txapeldunak bere azken agurra: «Baina 30 urte direnez denbora eta denbora/ txapel hau doa gaurko honetan Suñara, Untzilla ondora/ udaberria aurten bi aldiz baitator Aramaiora».
Informatikan adituak
Bi lehen sailkatuek zortziko txikian egindako bertsoaldia ere ederra izan zen. Otamendi, 65 urterekin, Agirreren informatika ikastarora joan zen. «Ekarri ur baso bat, kauen la puñeta/ nere posabasosa hutsik dago eta», agindu zion Otamendik. Maldizioka segiz, Agirreren erantzuna: «Zazpi diotria ditu me kauen la puta/ zure Windowsak daude pixkat lainotuta».
Hala ere, Agirreren informatika ezagutzak Ander Solozabalekin hamarreko txikian egindako saioan gelditu ziren agerien, arratsaldeko bertsoaldi txalotuenean. Lana dela-eta, ordenagailua ohera eraman du beste behin aramaioarrak. «Baina tapa itxita eman zazu buelta/ eta mesedez jarri behingoan arreta/ CPUa gaur sutan jarriko zait eta», esan zion Solozabalek. «Nahiz ta gustatu zaidan CPUarena/ nere pendrive-a da orain sutan dagoena», erantzuna. «Egia esan, Manex, oraintxe da klaro/ sagua klikatzeaz nazkatuta nago», beste behin atakea. «Mesillako kajoia har zazu helburu/ Oihanek bezela egon nahi ez badugu/ antibirusa jantzi beharra daukagu», Manexek, Perearen haurdunaldia gogora ekarriz. Solozabalek, berriz, borobildu: «Nahiz eta esan duzula pendrive-a haundia/ zure portatilak du orain aberia/ aguro gastatuko zaio bateria».
Bere lehen finala zuen Solozabalek eta paper ederra egin zuen, laugarren postua eskuratuz. «Behin igo eta ez du hainbeste beldur ematen oholtzak», kantatu zuen bukaerako agurrean.
Arratsaldeko gainerako bertsolariek ere paper ederra egin zuten finalean, guztiek utzi zuten ale ederren bat. Oihane Perea, azken finaleko txapelduna, dotore aritu zen kantuan. Zortziko nagusian, Japoniatik bueltan kantatu zuen: «Baina ez nago erabat lasai eta ez nago ederto/ gaur Fukushima utziko dugu Garoñara bueltatzeko». Bakarkako lanean ere lehenengo bertsoa ederki josi zuen. Aitonaren gauzen bila joan zen adinekoen egoitzara. «Errezidentzira sartzeak sortzen didan hotzikara/ horrelaxe jo dut oraintxe heriotzaren aldaba/ zure ohe hutsa ikusi dut hemen bertatik bertara/ eta negarrez amildu naiz ume txikien erara/ amona joan zen ta gero apurka itzali zara/ eta bizitzen jarraitzeko barruko indarra behar da».
Iñaki Viñasprek, umoreaz gain, mingain zorrotza duela erakutsi zuen beste behin. «Hauteskundeak laster izango ditugu» puntuari, hauxe erantzuna: «Ta bozkatuko dudan enago seguru/ nahiz bertan egotea den nire helburu/ hori Madrilen batek erabakiko du». Bakarka, minbizia sendatu berritan kantatu zuen. «Eman dut salto itzela/ nik uste nuen bizi honetan dena berri txarra zela/ gaur ikusi dut gutxi batzutan ederra izan daitekeela».
Zigor Enbeitak ere umorea izan zuen arma nagusi. Aste berean bost aldiz bere ile-apaindegira etorritako Solozabali honela kantatu zion zortziko txikian: «Igandean etorri gero astelehena/ astearten berriz ta asteazkena/ oraingoarekin ja dugu bosgarrena/ zu zara izan dudan kliente onena».
BERRIA TB
Iruzkinak
Utzi iruzkina: