Asier Azpiroz eta Ander solozabal ere finalera

gasteiz-bertsozale 1456133106692 Gasteizko bertso kontuak | 2010-11-19 10:38

Gasteizko ostegunetako festaren barruan ospatu zen atzo Bertxoko sariketako hirugarren eta azken kanporaketa.

Kutxi kale erdian kokatzen den Errexala elkartean, Iñaki Aleman iruritarra, Mikel Artola alegiarra, Gillen Iribarren itsasutarra, Asier Azpiroz zubietarra, Ander Solozabal gasteiztarra eta Miren Amuriza berriztarra bertsolariak aritu ziren, Beñat Goitiaren esanetara, nor baino nor, jokoan zeuden finalerako azken bi txartelak lortu nahian.

Elkartea jendez eta giroz bete bete egin zen afal orduan eta saio hasteko zegoela jende andana hurbildu zen kaletik bertara saioaz gozatzera. Jada bakoitzak bere lekua hartu zuenean doinu ezagun batean kantatutako agur puntuagarriekin hasi zen gaua. Anderren “Yanke kanpora” doinutik Mirenen Heidiren doinura, doinu anitz eta xelebreak entzun ahal izan ziren.

Handi eta txikiko ofizioen ondoren, eta puntu erantzunekin fin eta azkar ibili ostean, bertsolariek objektu bati bertso bana doinu eta errima librean kantatu zioten. Hirugarren kanporaketa honetan objektuak lepoko ezberdinak izan ziren, palestinoa, txakur katea, errosarioa, baberoa, . . .

Bertsolariek lan puntuagarria hiru puntuko koplatan hirunako ofizioan amaitu zuten. Eta beraien azken agurrak entzun ostean jakin genuen epaia.

Horrela, azaroak 26an, Trebiñoko sagardotegian ospatuko den final handian, Ander Solozabal eta Asier Azpiroz arituko dira kantuan, aurretik sailkatutako Jone Uria, Odei Barroso, Ainhoa Mugika eta Julio Sotorekin batera, txapel beltza buruan janzteko ahaleginetan.

Finalera joan eta etorria egiteko autobusa egongo da. Afarirako txartelak eskuratzeko eta autobusean tokitxo bat lortzeko, asteazkena baino lehen izena eman beharko du, telefonoz edo e-mailez: araba.sustapena@bertsozale.com /675707971

 


Utzi iruzkina: