Zirrikituak ireki
Emunek antolatutako jardunaldietan Iñaki Eizmendik tailer bat dinamizatu zuen. Erdaldunak nola erakarri euskarara izan zen bere tailerraren izenburua. Oso interesgarri eta berritzailea iruditu izan zait berak esandako hainbat gauza.
Zirrikituak irekitzearen ideia oso sinplea da: errazagoa da zerbaitekin lotura txiki bat duen pertsona lotura handiagoak hartzera animatzea, zuzenean lotura handietara jotzea baino. Lotura txikien bidez lotura handi batera iritsi gaitezke. Hau euskararen kasura eramanda horrela adierazi daiteke: norbait euskarara erakarri nahi badugu, lehenik eta behin horretarako bide bat aurkitu behar dugu. Pauso txikiak emateko bideak aurkitzea da gure proposamena. Behin pauso txiki bat eman duenak pauso handiagoak ematea errazagoa baita. Hau da, zirrikituak ireki behar ditugu.
Baina, nondik hasi zirrikituak bilatzen edo irekitzen? Bide emozionalak lantzea izan daiteke eraginkorrena. Gero eta gehiagok azpimarratzen duten gaia da hori, gainera.
Iñakik berba egiten du eurek antolatzen duten hitzaldi baten haritik tiraka. Adibideak eta kasu zehatzak aipatzen ditu, gainera. Jardunaldi horietarako egindako ponentzia eta aurkezpena ikusgai daude. Irakurri eta gozatu.