Zer da soziolinguistika domestikoa?
Berba lehendabiziko aldiz aditu nion Asier Sarasuari. Berak bere alabarekin izan zituen tira-bira batzuk ilustratzeko erabili zuen.
Ordutik “lapurtu diot” eta behin baino gehiagotan erabili izan dut. Osatu gabeko gida bi ere argitara eman ditut: lehenengoa eta bigarrena (osatuagoa). Baina inoiz ez dut hartu terminoa definitzeko astirik. Eta bada garaia.
Zer da soziolinguistika domestikoa? Egunerokoan hizkuntza dela eta ez dela sortzen zaizkigun mila arazoren aurrean konponbideak bilatzen dituen zientzia-adarra dugu (edo ez da zientzia-adarra, baina berdin zaigu). Begirada mikroa darabil, gertutik ikusteko betaurrekoak. Eta praktikoa da, erabat praktikoa. Eta, beraz, egoera bakoitzean egon daitezkeen faktoretxo guztiak aintzat hartu behar ditugula oroitarazten digu.
Domestikotasun horren dibulgazioan, esate baterako, azken aldian mugarri batzuk izan dira: Lutxo Egiaren performancea, Arabako Foru Aldundiak hezitzaileei buruz kaleratu berri duen liburuxka, Aitor Villanueva egiten ari den ikerketa hau, edo Paula Kasares herririk herri guraso euskaldunei ematen ari dien hitzaldia (eta, jakina, han-hemen dauden beste hainbat).
Iruzkinak
Utzi iruzkina: