Urdiaingoak

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2009-07-14 19:40

Aspaldi Gaur8 aldizkarian agertu zen Urdiaingo zenbait euskaldunei buruzko erreportajea. Aspaldi ere banuen gogoa blogeratzeko han esandako batzuk, baina gauza bategatik edo bestegatik, orain arte ez dut hartu astirik lan hori egiteko. Oraingoan bai. Ea zer diote urdiaindarrek.


Elvira Goikoetxea, 82 urte.

"Urteak dira lotsarik ez dudala. Askotan txarki pentsatu izan dut, ‘eta nire umeei euskara batere ez badiet erakusten?’. Guri burla asko egin izan digute eta horregatik pentsatu izan dut, nire umeek berdina ez pasatzeko. Orain ez dut horrela pentsatzen. Eskerrak erakutsi niela!"

Luzio Zubiria, 90 urte.

"Soldadu joan ginenean, erdaraz jakin ez eta nahiko lan izan genuen. Horregatik ez nion euskarari batere kariñorik. Hain gaizki pasatu nuen euskara beste hizkuntzarik ez nekielako!"

"Gero, Altsasun, burla eta barre gure kontura. Olaztiarrak ere tentagarriak ziren eta burla egiten ziguten"

"Euskarak segituko du, maite dugu-eta. Euskarazko telebista gustatzen zait, eta ulertzen dut. Gu gaizki ibiltzen gara leitzeko. Euskaraz leitu eta ez dut entenditzen. Zenbat hitz berri atera dira? Eta gu orain nola joango gara ikastera? Idatzitako euskara hori geldi-geldia da, ez du arrankatzen. Gero, euskara asko aldatzen da toki batetik bestera. Hemendik Iturmendira eta Etxarrira aldatzen bada, pentsa nola aldatuko den Euskal Herri osoan!"

Marili San Roman, 74 urte.

"Lehen barre egiten ziguten erdaraz ez genekielako eta orain, askori, euskararekiko sentimendua piztu zaie. Nik beti esaten diet erdaraz gaizki hitz egin arren, esaten duten guztia ulertzen dudala. Haiek ulertzen al didate niri?"

"Behin mandatuak egitera joan ginen Altsasura. Dendakoak bazekien euskaraz, baina, ‘Maria pide en castellano’ esan zion. Erdaraz ikasi behar zuela-eta, erdaraz eskatzeko esan zion amari. ‘Lasai egon, erosiko dut beste toki batean’, esan zion amak. Eta ez zen gehiago denda hartara joan. Handik pixka batera, joan nintzen denda hartara eta amagatik galdetu zidaten, ez zela aspaldian etorri. Nik ez zela gehiago etorriko erantzun nien. ‘¿Por qué no va a venir siendo amigos como hemos sido?’, galdetu zidaten harrituta. Eta nik erantzun nien ama ez zela gehiago etorriko erdaraz hitz egitera behartu nahi izan zutelako"

"Orain harro nago euskalduna naizelako. Lehen burla egiten ziguten asko orain euskararen aldekoak omen dira!"

Kontakizun hauetan lotsa, autogorrotoa eta abar nabaritzen dira. Baina baita harrotasun moduko bat, aurrera egiteko kemena eta euskaldun izateagatik poztasuna. Oso kontakizun aberatsak.


Utzi iruzkina: