Tartekoa
Elkarrizketa elebidunen harira, @beatxo-rekin hasi eta @ZEtxeburua @urtziurruti @IkerSU eta beste batzuk ere sartu ziren matrakaldian. 140 karakteretan erantzuna ematea zaila denez, artikulu luzeago bat egin nahi izan dut (eta beste bat aterako dut aurrerantzean gaiari buruz). Hori da hori sasoia, Bea, bide batez.
Hasierako txispa Juanjo Ruizen bideo honek piztu zuen. Elkarrizketa elebidunek bertute asko dituzte nire iritziz. Beak ere bertute horiek nabarmentzen ditu:
Elkarrizketa eleanitzaren planteamenduak ekar dezake frango alde horretatik. Ulermena duenari hizkuntzarekin harremanean iragan denbora handitzen dio, seguraski zerbait ikasiko du, motibazioan eragin dezake. Euskaldunari uzten dio bere hizkuntza erabiltzen.
Baina, era berean, arriskuak ikusten zituen. Bakarrera laburtu ditzaket Beak eta Zigorrek botatakoak: ulermen egokia izatea beharko luke izan euskara ikasle baten azken helburua?
Bihotzak esaten dit ezetz. Baina buruak beste gauza bat esaten dit. Izan ere, euskaltegietan dabiltzan euskara ikasleen “eskola porrota” handia da (daturik ba al du inork?). Eta ez hori bakarrik: euskara maila txukuna lortu eta atzera egin dutenak ere askotxo dira.
Horren atzean dauden faktoreak (eskolan ere bai, jakina) gehien bat jendarte faktoreak dira. Erabilera txikia duen hizkuntza da gurea, erdaldunekiko gure jarrera ere sarritan otzana da, euskaraz ondo moldatzen garenok ere esfortzu estra egiteko gogo gutxi eta abar. Sozializaziorako espazio gutxi izateak trabatzen du jabekuntza.
Elkarrizketa elebidunek ez dute arazo hori errotik konponduko, jakina. Baina aurrerapauso txiki bat eskaini dezakete. Era berean, kasu batzuetan tarteko helmuga gisa jarriko nuke. Horrek ez du esan nahi helmuga hori gainditu ez daitekeenik, baina azken finean gaur eta hemen ikaslearen borondatepekoa da helmuga hori gainditu ala ez.
Herri honetan oso dikotomiazale gara. Dena ala ezer ez. Euskaltegien helburua hiztun konpetenteak sortzea da, ados. Baina euskaltegitik pasatzen diren guztiak ez dira hiztun konpetente bihurtuko (eta hori erraz igarri egin dugu irakasle izan garenok). Zergatik ez jarri ulermena tarteko helmuga gisa?
Idazten ari naizen bitartean, gaiari buruz Mikel Irizarrek botatako iritzia irakurri dut. Guztiz ados ez banago ere, luzatzen den hari honetan beste ekarpen txukun bat da, nire ustez.
Iruzkinak
Bea 2014-12-04 12:50 #1

Egunon.

Geroztik gaiari bueltak ematen gabiltza bulegoan eta galdera bat bagenuke, agian zu holako gaietan aditua baitzira, jakinen duzu ea holako elkarrizketa geratu izan diren molde naturalean nunbait.

Diot, nik kuadro argi batean ikusi izan ditut garatzen euskara-erdara elkarrizketa horiek, irakaskuntza kuadroan, zeinetan partaideetarik bat bederen "formatua" den holako elkarrizketak bideratzeko (hizkuntza egokitu, informazioa "zatikatu" karga kognitiboa tipitzeko, errepikatu, segurtatu parekoak ulertu duela). Beste gisaz ikusi izan ditudan aldi oro, "ulermena" zuenak, bazuen ulermena baino gehiago (gai izan zitekeen zerbaiten komunikatzeko ere, nahiz ez ausartu).

Haratago holako elkarrizketen beti muga bat izan dute (komunikazioaren eta gaiaren konplexutasuna, xedea, partaideen erronkak, nekea...)

Haratago, elkarulermena teoria hori apliaktzen da hurbil diren hizkuntzen artean, romanoak adibidez. Baina zinez arras desberdinak diren bi hizkuntzen artean, posible ote da garatzea holako gaitasun bat, ulertzeko, ikas prozesu batetatik pasa gabe?

Hortik ene galdera, hizkuntza ez romanoen adibiderik ba da munduan? Ez europakoa eta hizkuntza gutxituen kasuan?

Ba ote da nunbait gizatalde bat, lurralde batean edo komunitate gisa, praktikatu duena holako elkarrizketa eredua, molde zabalean, bi hizkuntza arras ezberdin (jatorri ezberdinekoak) eta bi hizkuntzetarik ba sekulan kaltetua izan gabe?

Interesagarria litzateke ikustea nola egin duten, esperientziatik ere ikasteko.

Izan ontsa

Bea.

txerra 2014-12-04 13:53 #2

Hiru-lau gauza Bea, aditu-aritu-harritu naizen partez:

1. Literatura soziolinguistikoan asko dira elkarrizketa elebidunen aipamenak. Hori bai, kasurik gehienetan elkarrizketa elebidunek pigdin edo hizkuntza ordezkatzera eraman dute. Baina baina ... elkarrizketa elebidunak gure kasuan irabazteko (eta ez galtzeko) planteamendua daramate. Hau da, orain arte frantsesez edo espainolez jardun den eremuetan norberak bere hizkuntzan jardutea.

2. Elkarrizketa elebidunak ez dira euskara salbatuko dutenak. Euskararen auzia soziala da (politikoa gura baduzu), ez psikologikoa. Baina baina ... zenbait egoeretarako balio dute. Aste honetako bi adibide praktiko, nireak biak ala biak. Larunbatean, Derion ibili nintzen erosketa batzuk egiten. Denda batera sartu (lehen aldiz nire bizitzan) eta euskaraz hasi nintzen. Dendariak esan zidan ulertzen zidala baina zaila egiten zitzaiola euskaraz egitea (espainolez esan zidan). Nik esan nion arazorik ez zegoela, nik euskaraz egingo nuela eta berak gaztelaniaz. Eta horrela jardun genuen, arazo barik (beste denda batean ere jardun nuen, baina tira). Bestea atzokoa. Nik Hazi enpresarako egiten dut lan (euskara teknikaria naiz bertan). Bazkalorduan gehienetan euskaldunekin egoten naiz, baina atzo gurekin ulertu bai baina sekula egiten ez duen horietako bat jarri zen. Guk euskaraz jardun genuen, berak espainolez, baina inor ez zen lerratu gaztelaniara (baliteke ni tartean egon ez banintz, bestelakoa gertatzea, baina horrek erakusten du posible dela).

3. Elkarrizketa elebidunek (TELPak oro har) ez dute balio sakonak eta luzeak diren hartu-emanetarako. Ez. Bikotekidearekin aritzeko oso zaila da. Lagun minekin aritzeko ere. Baina bestelako batzuetarako bai balio du. Eta ez bakarrik harreman "komertzialetarako", edo administrazioan. Bestelakoetarako ere bai. Hazin, adibidez, badago langile bat beti euskaraz aritzen dena, aurrean edozein duela ere. Euskaldunon normalizazioa lortuko dugu horrela? Ba, ez. Baina aurrera pauso batzuk emango ditugu eta geure buruarekin alaiago izan ere.

4. Goraintziak bulegoko kideei.

Utzi iruzkina: