Soziolinguistika berripapera: 35. alea

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2012-01-26 16:02

35. zenbakia / 2012ko urtarrila

Word dokumentua/Pdf formatua

SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRA

ALDAHITZ IKERKETAREN ONDORIOAK AURKEZTU DIRA

Soziolinguistika Klusterrak Aldahitz ikerketaren ondorioak kaleratu ditu. Ikerketa 2010 eta 2011. urteetan zehar garatu da, lan munduan, eta tipologia jakin bateko langileen kasuak izan ditu aztergai: heldu zirela euskara ikasi, eta lankideekin euskaraz egiterainoko ohitura finkatu duten langileak.

Ikerketa kualitatiboa izan da eta bi gai aztertu ditu bereziki: langileek bere lankideekin eguneroko hizkuntzan gaztelaniatik euskarara egin dituzten ohitura-aldaketa prozesuak batetik, eta horrekin batera, langile horiek euskara ikasteko nolako bidea egin duten.

Soziolinguistika Klusterrak proiektu hau AEK-Ahize, Elhuyar Aholkularitza, Emun Koop. E., Hernaniko Udala eta Eusko Jaurlaritzako HPSrekin lankidetzan garatu du. Pello Jauregi irakaslea (EHU) izan da zuzendaria eta Eusko Jaurlaritzak finantzatu du.

Ikerketaren ondorioetan, aztertutako kasuetatik orokortu litezkeen joera eta gako nagusiak bildu dira, eta horietako batzuk zalantzan jartzen dituzte oso zabalduta dauden hizkuntzen ikasketa eta erabilera-ohituren gaineko uste batzuk.

Informazio gehiago:

Aldahitz Soziolinguistika Klusterraren webgunean

Ondorio nagusien txostena

V. EUSKAL SOZIOLINGUISTIKA JARDUNALDIA: EGITARAUA ETA IZEN-EMATEKO AUKERA SAREAN

Soziolinguistika Klusterrak urtero antolatzen duen Euskal Soziolinguistika Jardunaldia bere bosgarren ediziora helduko da 2012an. Otsailaren 24an izango da, Donostiako Eureka! museoan (lehen Zientziaren Kutxagunea zena). Aurtengoan, Kulturgintza euskararen garabidean izenburupean biltzen da hitzaldi eta lan-saioez osatutako egitaraua. Kultur sorkuntzak hizkuntzaren normalkuntza prozesuan betetzen duen lekuaz eta bete lezakeenaz jardungo dugu bertan bilduko garen ikerlari, irakasle, sortzaile eta teknikariek.

Izen-emateko epea otsailaren 21era arte luzatuko da eta jardunaldiaren webgunetik bideratu daiteke.

Informazio gehiago:

http://www.soziolinguistika.org/jardunaldia

AGUR TXILLARDEGI

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi pasa den urtarrilaren 14an hil zen, 82 urte zituela. Soziolinguistika Klusterretik doluminak eman nahi dizkiogu familiari eta haren gertukoenei.

Euskararen erabilera gizartean orokortzearen helburura bideratuta egon da Txillardegiren ibilbide guztia. Helburu horri erantzuten diote literatura, hizkuntzalaritzan, politikan, soziolinguistikan eta historialaritzan, besteak beste, egin dituen lanek. Txillardegiren ekarpen intelektualek bide berriak irekitzeko balio izan diote askori eta euskararen aldeko mugimenduen oinarri gisa balio izan dute hainbat kasutan. Bere bibliografia argitaratuak 50 urte baino gehiagoko aldia hartzen du. Gainera, bertan ikutzen dituen gaiak oso anitzak dira. Landu dituen alor gehienetan, Txillardegik egindako ekarpenak aitzindariak eta erreferentziazkoak izan dira.

Beste jakintza-arloetan egindako ekarpenez gain, Soziolinguistika Klusterretik euskal soziolinguistika esparrua zabaltzen Txillardegiren aitzindaritza aldarrikatu nahi dugu. Beste hainbat erakunde eta mugimenduk sortzaile edo aitatzat duten bezala, antzeko sentimendua nagusi da euskal soziolinguistikan dihardugunon artean. Euskararen berreskurapen sozialerako behar-beharrezko ikusten zituen gaiaren azterketa eta lanketa zorrotzak, zientifikoak. Hizkuntza-normalkuntza prozesuen gaineko ikerketa eta dibulgazio lanari hauspoa ematen ahalegindu izan da beti.

BAT soziolinguistika aldizkaria sortu eta 1989tik 2001era bitartean zuzendu zuen, gaiari buruzko euskal aldizkari zientifiko bakarra. Euskal Herriko Kale Erabileraren Neurketan eta bertan erabiltzen den metodologian parte hartu zuen, funtsezko ekarpena eginez. Munduko hizkuntza gutxiagotuen esperientzietan euskararen kasurako ikasgai baliagarriak bilatzen egindako lana ere bereziki azpimarragarria da.

Informazio gehiago:

http://www.soziolinguistika.org/eu/node/5404

BAT aldizkariaren monografikoa: Txillardegiren omenez (71)

Berripaper honetan toki berezia egin nahi izan diegu Txillardegiren heriotzaren ondotik hedabideetan agertu diren iritzi-adierazpenei. Bilduma osatugabea eta ordenik gabea izan arren irakurleon interesekoa izango delakoan jartzen dugu zuen eskura: Txillardegiren heriotzean – iritzi bilduma

Wikipedia

Gipuzkoa Kultura

Auñamendi Entziklopedia

BAT ALDIZKARIAREN 79-80 ZENBAKIA EUSKALTZAINDIAREKIN LANKIDETZAN KALERATU DA.

Soziolinguistika Klusterrak BAT Soziolinguistika aldizkariaren 79/80 zenbaki bikoitza Euskaltzaindiarekin elkarlanean argitaratu du, eta abenduaren 23an aurkeztu zen Bilboko Euskaltzaindiaren egoitza nagusian.

Berezia da zenbakia -hitzaurrean eta aurkibidean ikus litekeen moduan- azken urteetan euskal soziolinguistika arloko gai nagusienetako bati heldu baitio Mikel Zalbide euskaltzainak, gai zentral eta monografiko modura lantzeko: Diglosia.

Gainera, txosten horretan planteatzen diren gaiei erantzunez Euskal Herriko zazpi soziolinguistek eman diote erantzuna, artikulu laburren bitartez. Honakoak dira saio honetan parte hartu duten lagunak: Paula Kasares, Iñaki Martinez de Luna, Julen Arexolaleiba, Maria-Jose Azurmendi, Xabier Isasi, Lionel Joly eta Joxe Manuel Odriozola.

Diglosia terminoaren jatorria eta ibilbidea argitu du Zalbidek txostenean, bere jatorritik 1959ra arteko ibilbidea; Greziatik Ferguson-era, ondoren, Fishman-en ekarpena parez pare ezarriz. Herrialde Katalanetatik datorren Menderatuen diglosiaren bidea ere zehatu du bere indarguneak eta ahuleziak erakutsiz. Azkenik, Euskal Herrian izan duen garapenari begirada oso sakona eskaini dio, tartean, sona handiko beste soziolinguista askoren ekarpenak ere bilduz.

Informazio gehiago:

Euskaltzaindia

 

EKIMENAK

EUSKARA ENTITATE PUBLIKOETAN JARDUNALDIA IZANGO DA OTSAILAREN 2AN MIÑAON

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) antolatu dituen jardunaldiok, elkar-lanerako abiapuntu izatea dute helburu. Goiz eta arratsalde bateko lan-saioan, aukera izango da elkar ezagutu, esperientziak partekatu eta arlo honetan gabiltzanon beharrizanak, iritziak, ideiak eta ardurak jasotzeko, aurrerantzean etorriko diren eskakizunei aurre egiteko pausoak zehazten joateko, batez ere datorren plangintzaldiari begira.

Egitarauak formatu eta eduki anitzeko saioak biltzen ditu. Goizean zehar, HPSko zenbait arduradunen hitzaldi teorikoak eta partaidetzarako aukera emango duen World Kafea burutuko dira. Arratsaldean, berriz, hainbat erakunderen kasuak aurkeztuko dira, esperientzia horietatik ikasgaiak atera ahal izateko.

Informazio gehiago:

Jardunaldien webgunea

TOPAGUNEAREN JARDUNALDIAK: JOLASA BAINO GEHIAGO

Topagunea euskara elkarteen federazioak jardunaldiak antolatu ditu otsailaren 2an eta 3an Durangoko Landako elkartegian. Jolasa baino gehiago izenburua izango dute eta XXI. mendeko Euskaldunon Elkarteen haur eta gazte esparruaren markoa definitzea dute helburu.

Alde batetik, Euskaldunon Elkarteen aisialdi jardueren ezaugarri komunak definitzeko beharra dagoelako. Eta bestetik, aisialdiko jardueren bitartez eraginkorragoak izateko.

  • Haur eta gazte arloa zergatik, zertarako eta nola landu beharko litzateke?
  • Zeintzuk dira gazteen partehartzerako aukerak euskaldunon elkarteetan?

Galdera horiei eta beste batzuei erantzun nahi diete jardunaldiek. Horretarako, erakunde eta elkarte ezberdinetako hizlariak, martxan dauden esperientzia arrakastatsuak eta aurrera begirako estrategiak bilduko dira. Han izango dira besteak beste arloa lantzen duten hainbat Euskaldunon Elkarte, Sorguneak taldeko kideak, Bertsozale Elkartea, EHZ Euskal Herria Zuzenean eta Irrien Lagunak proiektuko kideak. [EGITARAUA]

Sarrera doan izango da. Jardunaldian parte hartzeko, izen-emate fitxa bete behar da urtarrilaren 27a baino lehen.

Informazio gehiago:

Topagunea

EUSKARAZ BIZITZEKO NAHIA FILM LABUR BIHURTZEKO LEHIAKETA ANTOLATU DU KONTSEILUAK

Lehiaketan parte hartzeko, gehienez 10 minutu izango dituen film laburra aurkeztu behar da. Gaia euskaraz bizitzeko nahia da eta hori transmititu beharko luke lehiaketara aurkezten den lan orok.

Martxoaren 18a bitarteko epea egongo da lanak egiteko. Jarritako baldintzak betetzen dituzten lan guztiak ikusgai egongo dira www.euskarazbizinahidut.org webgunean. Web gune horretan bertan aurkitu ahal izango dira lehiaketan parte hartzeko oinarriak.

Hautaketa-prozesua egiteko, sektoreko profesionalek osatutako epai-mahaia osatu da: Imanol Rayo, Eneko Olasagasti eta Yoli Mazkiaran. Andoaingo bideo eskolak ere parte hartuko du hautaketa prozesuan, Ignacio Zabala Barbé irakaslearen bitartez. Epaimahaiak bi lan sarituko ditu; lehenengo lanak 2.000 euro jasoko ditu eta bigarrenak berriz 1.000. Ekitaldi bat egingo da irabazleak iragartzeko eta bertan proiektatuko dira sei lanik onenak.

Lehiaketak Gasteizko udaleko Kultura Saila eta Euskara batzordeko laguntza jaso du. Eta hori eskertu du prentsaurrekoan Paul Bilbaok.

Informazio gehiago:

Lehiaketaren oinarriak

http://www.kontseilua.org/index.php?id_saila=54&id_edukia=425&lang=eu

EUSKARAZKO SPOT LEHIAKETA ANTOLATU DUTE EUSKARAZKO HIZKUNTZA-OHITURA EGOKIAK SUSTATZEKO

Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateak, Aretxabaletako Udalak eta Arteman Komunikazioa enpresak Euspot izeneko euskarazko spot lehiaketa jarri dute martxan.

Parte-hartzaileek merkataritzan eta ostalaritzan euskara erabiltzea sustatzeko spot-a aurkeztu beharko dute, lehenengo edizio honetan zabaldu nahi den mezua hurrengo hau da: merkataritza eta ostalaritzan, euskararen balioa erabileran dago.

Parte hartzeko, bideoak Youtubera igo eta formulario hau bete beharko da, apirilaren 11 baino lehen.

Informazio gehiago:

Lehiaketako oinarriak.

Lehiaketaren webgunea

NAFARROAKO HAINBAT ERAGILEK HAURRAK D EREDUAN MATRIKULATZERA ANIMATZEKO KANPAINA ABIATU DUTE

Euskara Kultur Elkargoak, Ikastolen Elkarteak, Nafarroako Euskara Teknikarien Lanbide Elkarteak, Sortzen Ikasbatuaz taldeak eta Topaguneak sustatu dute ekimena.D eredua hizkuntzen aniztasuna eta orekaren aldeko hautua dela dioen idatzia da kanpainaren oinarrietako bat.

Informazio gehiago:

Argia.com

Erabili.com

ALBISTEAK

UEMAK LASTER UDAL GEHIAGO MANKOMUNITATEKO KIDE EGINGO DIRELA IRAGARRI DU

UEMAren urteko Batzar Nagusia urtarrilaren 14an egin zen Zumaian. Bertan 2012ko egitasmoa eta aurrekontuak onartu ziren. Gainera, 2012ko UEMA eguna Goizuetan izango dela ere iragarri zen. Azkenik, azken hilabeteetan hainbat udalekin izandako harremanak direla eta, 2012an bazkide bazkide beriak hartzea aurreikus daitekeela adierazi zuten UEMAren arduradunek.

Informazio gehiago :

UEMAren webgunea

OXFORD-EKO UNIBERTSITATEAN EUSKARA ETA EUSKAL KULTURARI BURUZKO PONENTZIAK AURKEZTEKO EPEA OTSAILAREN 3AN AMAITUKO DA

Oxfordeko Unibertsitateak Iberiar Ikasketen XV. Foroa antolatu du, hurrengo ekainaren 20, 21 eta 22rako. Foro horretan lehenbiziko aldiz parte hartuko du euskarak, katalan, galego, portuges eta gaztelaniarekin batera, Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin. Paneletako mintzaldietarako euskarari eta euskal kulturari buruzko proposamenak edo ponentziak aurkezteko epea irekita dago, otsailaren 3ra bitartean.

Ikasketa Iberiarren XV. Foroak kultura bizien aldaketez eta bilakaeraz jarduteko lekua eta unea izan nahi du.Elkarrekintza kulturalaren kontzeptua aztertzerakoan, Foroaren asmoa da ikertzea literatur lanek eta ikus-entzunezko adierazpideek nola eratu dituzten nortasun sozial eta artistikoen adierazpen berriak, bazterrean utzi gabe ikus-entzunezkoen eta literaturaren estetikaren, euren mintzairaren eta euren irakurle eta ikus-entzuleekiko konpromisoaren garapena.

Interesdunek 200-250 hitz inguruko laburpenak bidali behar dituzte fisoxford@gmail.com helbide elektronikora aipatutako data igaro baino lehen.

Informazio gehiago:

Etxepare Institutua

Iberiar Ikasketen Foroa- Orfordeko Unibertsitatea

LANGUAGE AND THE CITY SOZIOLINGUISTIKA SIMPOSIUMERAKO PROPOSAMENAK AURKEZTEKO EPEA URTARRILAREN 31AN AMAITUKO DA

2012ko abuztuaren 22tik 24ra Berlingo Freie Universitätean burutuko da gizartea hizkuntzari buruzko Europako topaketa nagusietakoa. Bi urtean behin antolatzen da nazioarteko simposium hau eta aurtengorako hizkuntza eta hiriaren arteko harremanak hartu dituzte gaitzat.

Formatu ezberdineko saioak burutuko dira, nazioarteko ikerlari eta aditu ugari bilduko dituen simposiumean. Oraindik (urtarrilaren 31ra arte) aukera dago saioak proposatzeko.

Informazio gehiago:

19th Sociolinguistics Symposium- Language and the city

 

IRITZIAK

 


Utzi iruzkina: