Semente eskola: naturari lotua, asanblearioa, eta galizieraz

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2013-06-21 10:15

Eider Palmouk eta biok idatzi dugu honako artikulu hau Argiarako. Bertsio laburtua erabili dute eurek. Hauxe da bertsio luzea.

Orain dela berrogeita hamar urte, hainbat gurasok erabaki zuten euren seme-alabentzako eskola euskalduna nahi zutela. Eta ikastolak sortu zituzten. Orain dela bi urte, hainbat gurasok erabaki zuten euren seme-alabentzako eskola galiziarra nahi zutela. Eta lehen Semente sortu zuten, eskola galiziarraren lehen hazia.

Gentalha do Pichel zentro sozialean sortu zen ideia. Compostela inguruko jendarte mugimendurik biziena batzen da haren inguruan. Administrazioek zer emango itxaron barik, eurek erabaki zuten eskola galiziarraren lehen hazia ereitea. Sentitu, pentsatu eta egin.

Izan ere, Galizian ez dago bermatua galiziera hutsezko irakaskuntzarik, 0 eta 6 urte bitartean. BNG eta PSGren gobernupean jarri ziren martxan galescola-k, baina PPk 2009an programa ordeztu eta egun ez dago murgiltze eredurik irakaskuntza publikoan. Are gehiago, eskolak hirietan umeak erdalduntzen ditu. Alvaro Mera, Sementeko hezitzailearen ustez, “Santiagon, ohikoa da umeek eskolan etxetik dakarten galiziera galtzea. Beraz, Sementek nahi du etxetik galiziera dakarten umeek hizkuntza ez galtzea. Baina baita etxetik ez dakartenei galizieraz bizitzeko espazioa eskaintzea ere”.

Euskal Herritik hamahiru pertsona, soziolinguistak, irakasleak, artistak, Porrotx eta Marimotots besteak beste, haraino hurreratu ginen Santiagoko Semente eskola ezagutzeko asmoz. Baita hemengo ume eta ez hain umeei hango errealitatea erakusteko ere. Hizkuntza gutxituen arteko zubiak eraikitzeko, edo hobe esanda, hango eta hemengo hiztunen artean zubiak eraikitzeko. Kulturen arteko igurtziak egiten ibili gara hangoekin, kulturen arteko zirriak eta laztanak. Ideiak eta emozioak trukatzen, alegia.

Eta zer da Semente? Galiziera hutsez diharduen eskola da, bi eta sei urte bitarteko umeentzat. Baina hori baino gehiago da. Pedagogia eraldatzailea darabilte. Ume libre, arduratsu eta kritikoak sortu nahi dituen eskola da. Eta, horretarako, hainbat ezaugarri ditu haien pedagogiak: eskola laikoa da, hezkidetza praktikara eramaten du, asanblea bidez zuzentzen da, naturarekin bat egiten du (kanpo aldean, ortua eta oilategia dute) eta komunitateari irekitako eskola da, besteak beste. Alvaro Meraren iritziz, “guk ez dugu nahi umeak eskolari egokitzea, baizik eta eskola umeei egokitzea”.

 

Gurasoen parte hartzea ere nabarmendu beharrekoa da. Sementen hartzen dute parte, asanbleetan, eguneroko bizitzan eta dirua batzeko ekimenetan. Hezkuntza komunitatea osatzen dute, hezitzaile eta umeekin batera.

 

Lehen urratsak egin ditu Sementek. Bi umerekin hasi eta etengabe handitzen ari da. Bigarren urtea du, 13 ikasle ditu eta hirugarren urterako plaza kopurua gainditu dute. 25 haur izango dute. Vigo aldean ere lanean hasi dira beste Semente bat egiteko asmoarekin. Ferrol aldean ere bada mugimendua. Galiziera hutsezko Avoescola bat sortuko da hurrengo ikasturtean ere.

 

Egun bat Sementen

 

Eskolak goizeko zortzi eta erdietan zabaltzen ditu ateak eta arratsaldeko hiru eta erdietan itxi. Sarrera librea da: umeek eta familiek zehazten dute eskolaren erritmoa eta ordutegia, hein handi batean.

 

Goizero-goizero umeek asanblea egiten dute, hamarrak aldera. Aurreko egunean egindakoa baloratzen dute eta hurrengo egunean egin beharrekoaz ere hitz egiten dute. Baina, batez ere, egunean bertan egin beharrekoaz jarduten dute: zer nahi duten eta zer ez, espazioaren arauak ezarri, erritmoak zehaztu, ...

 

Txokoetan aritzen dira gero lanean, olgetan. Jolas sinbolikoaren txokoan, edo logiko-matematikoan, edo irakurketa txokoan, edo mugimenduaren txokoan. Edo besteetan.

Askaria eta bazkaria ere egiten dute. Janari naturala hartzen dute eta umeek mahai-tresna arruntak erabiltzen dituzte, euren autonomia lantzeko.

 

Ortuan ere aritzen dira. Lurra jorratu, barazkiak erein, tresnak erabili, oiloak eta oilarrak zaindu, ardura hartu, …

 

Bruno Vilela, Sementeko aita

Zergatik erabaki zenuten zuen alaba Sementen matrikulatzea?

Motiborik indartsuena hizkuntza izan zen. Lagun eta senideekin ikasi genuen eskola gure seme-alabak gaztelaniatzeko tresna zela. Sementek, ordea, bermatzen digu gure alabak jarraituko duela galizieraz egiten eta, gainera, kalitatez. Hori izan zen arrazoirik garrantzitsuena. Baina, horrez gain, badaude beste arrazoi batzuk ere: hezkidetza, naturarekin eta ekologiarekin harremana izatea, eskola laikoa izatea eta abar.

 

Zelan hartu dute zure familian, lagunartean eta abarretan zuen erabaki hau?

Oso ondo hartu dute, familiak behintzat. Familiaren muina garen Marta, Joana eta hirurok poz-pozik gaude, pozez zoratzen gaude. Umea ikaragarri pozik dago. Asteburuak ez zaizkio asko gustatzen, Sementera etorri nahi duelako. Aitita-amamek, osabek, izekoek eta abarrek ere oso ondo hartu dute. Azken finean, eurek ikusten dute umea zein pozik dagoen bere eskolarekin eta horrek egon zitezkeen muga guztiak apurtzen ditu. Horietako gehienak Sementeko bazkide egin dira, familia ia osoa etorri da eskola ezagutzera eta pozarren ikusi dute espazioa. Gainera, proiektuak ilusioa pizten du eta hori igarri egiten da.

 

Zelan dabil zeuon alaba Sementen?

Joanak bi urte eta sei hilabete ditu eta Sementen sei hilabete daramatza. Jendarteratzen ari da, beste ume batzuekin dago, adin ezberdineko beste umeekin eta ohitzen ari da. Ortuan olgetan ibiltzen da, pinturekin ibiltzea asko gustatzen zaio, animalien izenak ikasten ari da, … Baina, batez ere, poz-pozik dago, pozarren dabil, pozez txoratzen.

 

Semente ezagutzen ez duen bati, zelan azalduko zenioke zer den Semente?

Nik animatuko nituzke hizkuntzarekiko eta beste heziketa mota batekiko kezka duten guztiak proiektua ezagutzera, espazioa ezagutzera, hezitzaileak ezagutzera. Aurreiritziak bertan behera uztera, alegia. Semente proiektu irekia da, proiektu herritarra, komunitarioa da. Eta hazteko bokazioa duena, gainera. Galizierazko eskola nazionalaren lehen hazia izan nahi du.

Hasten den proiektu oro bezala, ilusio asko pizten du, nahiz eta garai zailetan egon, bai hizkuntzaren aldetik eta baita ekonomikoki ere. Baina Sementek lortu du umeak poz-pozik egotea. Eta, horregatik, nahi dugu jendea etortzea, probatzea eta, gustukoa badute, parte hartzea.


Utzi iruzkina: