Publikoa - pribatua
Publikoaren eta pribatuaren arteko dikotomia patriarkatuak ezarri duela ikasi diegu feministei. Eta dikotomia hori apurtu egin behar dela. Eta pribatua politikoa dela, hau da, pribatuan egiten dugun horrexek dimentsio politiko nabarmena duela.
Eta horretan ari nintzela Fishmanen irakaspenek brastakoa eman zidaten buruko neurona txikituetan. Ostia! Fishmanek aldarrikatzen zuen biziberritzearen muina ez ote zen pribatutzat hartu izan den eremua?
Izan ere, berak etxea-auzoa-gertuko komunitatea aipatzen zuen transmisiorako, sozializaziorako ezinbestekoa dela. Baina hori ingurune pribatua da (ia), eta, beraz, jendartean prestigiorik txikiena duen ingurunea. Feministek jendartea eraldatzea dute helburu eta pribatu horri prestigioa eman, gure biziraupenerako (espezie gisa) funtsezkoa baita. Guk ere horrela jokatu beharko genuke? Edo elkarrekin egin beharko genuke aurrera? Zaintzetarako hizkuntzak ez al du garrantzirik?
Eta beste kontu bat: euskararen aldeko borroka (azken 50 urtetakoa) ez al da publikoaren eta pribatuaren arteko dikotomia gainditzeko bide bat? Izan ere, euskarari orain dela 50 urtera arte habitus batzuk atxikitzen zitzaizkion eta erdarei beste batzuk. Eta azken 50 urteotan ez al gara ari habitus publikoagoak atxikitzen euskarari?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: