Portfolioa (III) Hizkuntza ereduak dantzan 3.2
Aurreko postaren bigarren zatia da hau. Oraingo honetan loturekin.
Bosgarren artikuluak ereduen sistemaren historia
egitea du asmo. Horretarako, kazetariak ereduen sorreran parte hartu zuten
eragile batzuk elkarrizketatzen ditu. Artikulu hau oso interesgarria da
ulertzeko nondik gatozen. Izan ere, artikuluan adituek garai hartako giroa
eta eztabaidak ekarri dituzte gogora, baita ereduak sortzeko erabilitako
argudioak ere. Seigarren eta
zazpigarren artikuluek mahai gainean ipintzen dute hezkuntza elebidunaren
arazorik potoloenetako bat. Izenburua aski adierazgarria da: “Goliaten aurka
borrokan”. Artikuluek gune erdaldunetan irakaskuntza euskaldunak dituen
arazoak dituzte aipagai. Barakaldoko bi ikastetxeko arduradunak, Bilboko
ikastetxe bateko arduradun bat eta Markinako beste bat elkarrizketatu
dituzte. Arduradun hauek euskara ikasteko eta irakasteko zailtasunez mintzo
dira. Zortzigarren eta azken artikuluak, berriz, etorkizun hurbil batean irakaskuntza elebidunak izango duen arazo potolo bati heltzen dio. Ereduen kontura egindako artikulu sortan Berria egunkariak, batez ere, B eta D ereduei egin die jaramon. Azken artikulu honetan, aldiz, a ereduko ikastetxe bati erreparatu dio. Ikastetxe hori kontzentrazio ikastetxea da, hau da, bertan sartzen dituzte ikasturtean zehar matrikulatzen diren etorkinen seme-alabak. Ikastetxe hori a eredukoa da eta ghetto modukoa da (ikasleak ez dira auzokoak, jatorriaren arabera egiten dituzte lagun taldeak, eta abar). Bizkaiko Guraso Elkarteko arduradunaren hitzetan, guraso atzerritarrek ez dute informazio nahikoa ereduen gainean eta horrek bultzatzen ditu umeak bertakoak matrikulatzen ez diren eredura matrikulatzera. Etorkinen seme-alabak a eredura bultzatuak direla sumatzen dut. Gainera, sarritan nik uste dut bultzatzen dituenak ez-jakintasunetik egiten duela eta ez jukutria politikotik edo euskararen aurkako jarreretatik. Hezkuntza elebidunaren gainean aurreiritzi askotxo daude oraindik orain. Aurreiritzi gehienak fundamenturik gabekoak dira, ez daukate oinarri sendorik. Hori dela eta, bada garaia hezkuntza elebiduna (edo eleaniztuna) babesteko eta aurreiritzi horiek guztiak baztertzeko. Horregatik, nik uste dut sozializazio lana egin behar dugula, hezkuntza elebidunaren onurak sozializatu behar ditugula, alegia. Horregatik, oso garrantzitsua deritzot irakasleak horrelako gaietan ere trebatzeari. Irakasleek ere jakin behar dituzte gure hezkuntza sistemaren nondik norakoak, hizkuntza gutxiagotu batean irakastearen abantailak eta erronkak. Hori dela eta, garrantzi handikoa da, nire ustez, honen moduko ikasgaiak txertatzea irakasleon formazio arautuan, ahaztu barik etengabeko formazioak duen papera. |
Iruzkinak
Utzi iruzkina: