Plangintzen balorazio soziolinguistikoa (osorik)
Oso gutxitan landu ditut blogean neure eguneroko lanari buruzkoak. Bestelako gai batzuei eman diet lehentasuna. Eta hala izaten jarraituko du. Baina lantzean behin salbuespenen bat egin behar da, ezta?
Iñaki Martinez de Lunak udaltop-en administrazioen plangintzei buruzko balorazio soziolinguistikoa egin zuen. Balorazio horretatik abiatuta, enpresetako euskara planei buruzko balorazioa egin nahi dut nik ere. Goazen ba!
Iñaki hasten da esaten hiru plangintza mota daudela: plangintza funtzionala, hizkuntza-jabekuntzaren plangintza eta plangintza formala. Funtzionalak nahiko luke orain arte gaztelania hutsez betetzen diren funtzio batzuk euskarara ere irekitzea, ahoz zein idatziz. Hizkuntza-jabekuntzaren plangintzak lanpostuei ezarritako mailak bete ditzaten edo lan-jardunerako beharrezkoak diren trebetasun zehatzak eskura ditzaten nahiko luke. Eta plangintza formalak, berriz, espezializatutako corpusa ari da garatzen.
Enpresetan egindako planetan hirurak lantzen dira, nahiz eta funtzionala izan lehentasuna. Beste biak, berriz, funtzionalari begirako lanean ari direla esan ditzakegu.
Planen kudeaketa:
Iñaki Martinez de Lunak gai honetan management inguruko hausnarketa batzuk plazaratzen ditu. Eta horri jarraituz galdera batzuk egiten ditu (nik euskara planetara ekarrita):
-
Zergatik ez dute erosten (erabiltzen) euskara?
-
Zergatik erosi (erabili) beharko lukete euskara? Zerk motibatuko lituzke hautu hori egiteko.
-
Zein da euskararen abantaila konpetitiboa?
-
Zer nahi dute euskara planen xede-taldeek?
Nik uste dut galdera hauei gero eta gehiagotan egiten diegula kasu. Hori bai, kasu egitetik lantzera igaro beharko genuke kasu askotan, nik uste.
Ebaluazio soziolinguistikoa egiteko, Iñaki Martinez de Lunak eredu teoriko bati jarraitzen dio. Horretarako hiru maila bereizten ditu: maila makrosoziala, maila mikrosoziala eta norbanakoaren maila.
Gizartearen dimentsio makrosoziala:
Estatus juridikoa:
Kasu honetan daude seguruenik alderik handienak administrazio eta enpresetako planen artean. Izan ere, administrazioak behartuta daude elebitasuna errespetatzeko eta enpresak ez. Beraz, enpresek borondate hutsez heltzen diote euskara planari.
Gizartearen babesa:
Iñakik dio ematen duela administrazio planetan ez dela aztertzen gizartearen babesa. Enpresetako planetan ere oso gutxi hartzen da aintzat nire ustez. Izan ere, ez dakit zer puntutaraino gizarteak begi onez ikusten duen enpresen euskalduntzea. Askotan ematen baitu gizarteak euskara ez duela ikusten lan arloan.
Hizkuntza politika:
EAEn euskara planari oratzen dioten enpresek laguntza batzuk dituzte, Lanhitz programaren baitan. Baina eredua zurruna da. Izan ere, langile gutxiko enpresek arazo handiak dituzte diru-laguntza minimoak jasotzeko, baita establezimendu txikiak ere (tokian tokiko udal batzuek, hala ere, diru-laguntzak bai ematen dituzte). Oso plan perfektuak dira diruz laguntzen direnak. Euskararen aldeko pauso txikiak eman ahal dituenari aukera gutxi geratzen zaio (baita euskara hutsez funtzionatzen duten enpresei ere).
Era berean, euskararen kudeaketarako Bikain ziurtagiria ere paratu du martxan gobernuak. Prestigioa ematen du (kalitate ziurtagirien tankerakoa da) eta nolabaiteko babesa ere. Baina egiteko asko ago oraindik gai honetan.
Gizartearen dimentsio mikrosoziala:
Gizartearen dimentsio mikrosozialean egoerak ditugu. Hizkuntzaren erabilera ahalbidetzeko hiru baldintza bete behar dute egoera hauek: solaskideen ageriko gaitasuna, harremanen trinkotasuna eta hizkuntza-hautua egiteko ahalmena. Banaka landuko ditugu hiru hauek:
Solaskideen ageriko gaitasuna:
Solaskideen arteko ezagutza linguistikoa errazteko neurriak sarri askotan planteatzen dira planetan (administrazioan ez bezala, Iñakiren berbetan). Gainera, enpresako kideen artean oro har eta salbuespenak salbuespen, zeintzuk dakiten euskara eta zeintzuk ez nahiko ezaguna da.
Bezeroei begira ere, posta elektronikoetan, telefono bidezko harreran eta abarretan, aurrerapausoak izan dira identifikazioa egite aldera. Gainera, normalean plan batean egiten den lehen gauza izan ohi da hizkuntza paisaia euskalduntzea. Horrek dakarrenarekin.
Harremanen trinkotasuna:
Harremanen trinkotasunean egiten dute euskara planek herren, nabarmen egin ere. Izan ere, lanpostuei ezarritako irizpideetan ez dira kontuan hartzen postu horiek beteko dituzten langileen arteko harremanak. Horrela, kasu askotan ezinezkoa da euskaldunen arteko sare trinkorik sortzea, dauden bakanak erdaldunen harreman-sareetan barreiatuta daudelako.
Hautua egiteko ahalmena:
Enpresetan ordezkari guztiak ez daude euskaraz gaituta, eta gaituak direnek mugarik handiena dute lan-hizkuntza gisa baliatzeko.
Norbanakoaren maila:
Gaitasun erlatiboa:
Enpresek bestelako erakundeen gain uzten dute oro har langileen gaitasun erlatiboari dagozkionak: unibertsitateak, lanbide heziketako zentroak, … Gero eta gehiago dira erakunde hauetan euskaraz eskaintzen diren ikastaroak eta abar. Baina oraindik gaur da eguna non enpresako langile euskaldun askok laneko kontuetan gaitasun handiagoa duten gaztelaniaz euskaraz baino. Beraz, lana euskaraz egin ahal izateko sekulako arazoa dute askok.
Motibazioa:
Euskara planetan orain arte zeharka landu da motibazioa. Azken urteotan, motibazioa zuzenean lantzen ari da eta aurrepauso batzuk egin dira (adibidez, motibatu topaketa). Baina bide horretan oraindik ezezagutza handia dugu horretan ari garen teknikariok.
Bestalde, planaren komunikazioan (enpresa barnean zein kanpoan) ere oraindik badugu zer hobetua. Eta, kontuz, komunikazioa egokia ez bada, langileen motibazioa apaldu dezake.
Azken hausnarketak:
Lan arloan euskararen erabilera normalizatzeko planen emaitzak, mugak muga, agerikoak dira eta beren eragina gizartean ere antzematen da. Pentsa daiteke zer-nolako aurrerakada ikus genezakeen planei kudeaketa zorrotzagoa aplikatuko balitzaie, eta beren alderdi ilunak ezagutza zientifikoagoaz argitu eta landuko balira? (Iñaki Martinez de Lunaren hitzak dira, baina neure egiten ditut).
Iruzkinak
Utzi iruzkina: