Paisajeak ditu ajeak

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2008-10-02 17:08

Gipuzkoaeuskaran Iñaki Arrutik idatzi duen artikulua hona ekarri gura izan dut, euren lizentzia (CC) baliatuz.


Azkenaldian, berriro ere, maiz samar darabilt esku artean hizkuntza-paisaiaren kontzeptua. Berriro ere diot, berria ez delako. Udaletan euskarako teknikari lanetan urte batzuk daramatzagunoi, aspaldiko txostenei hautsa kenduko bagenie, idatzitako lehendabiziko paperetan azalduko litzaiguke «paisaje linguistikoa euskalduntzea» gisako asmo onen bat.

Orduan paisaje genuen eta orain paisaia dugu, baina bietan, ageriago edo ezkutuago, ajeak hor dirau.

Azkenaldian, esan bezala, gaia plaza erdira atera zaigulakoan nago. Adibidez, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak azterketa handi bat egin du gai horren inguruan. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere berariaz aztertu du gai hori, Teknikari programaren barruan antolatutako laborategi batean.

Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideei buruzko 123/2008 dekretuan eta hor jasotakoak enpresek bete ditzaten sustatzeko asmoa duen diru-laguntzen deialdian, besteak beste, hizkuntza-paisaia ageri da. Horiez gain, dirudienez, prentsako artikuluetan xextran aritzeko bide ere ematen du.

Emandako erreferentzia horien mamietan sartzeko batere intentziorik gabe, bada horietan guztietan ikusi ez dudan eta ni maiz kezkatu izan nauen gai bat. Xalo eta azkar samar esatearren, errotulu batean bi hizkuntzak jarri behar ditugunean, nola kokatuko ditugu hizkuntzak?

Paisaia hori margotzea egokitzen zaigun aldiro (errotulu bat idatzi edo jende multzo baten aurrean bi hizkuntzetan hitz egin behar denean), lehendabiziko lekuan zein hizkuntza jarri galderari erantzun behar izaten zaio, eta hor erabakitzen da hizkuntza bakoitzari zein funtzio ematen diogun (komeni da, lehenik eta behin, bi hizkuntzak erabiltzea beharrezkoa den edo ez erabakitzea; adibidez, ikusi berri ditudan faktura/factura eta halakoak ekiditearren).

Errotulazioaren kasuan, lehendabizi gaztelaniaz idazten baldin badugu, demagun "Espere su turno por favor" eta ondoren "Itxaron zure txanda mesedez", gaztelaniak du funtzio komunikatiboa (elebidunek zein elebakar erdaldunek errotuluak esaten duena gaztelaniarekin bakarrik ulertu baitute) eta euskarari soilik funtzio sinbolikoa geratzen zaio.

Alderantziz jartzen baldin badugu, ordea, elebidunentzat euskarak duen funtzio nagusia komunikatiboa da eta gaztelaniak ere funtzio komunikatiboa badu euskararik ez dakitenentzat, "diskriminatuak" izan gabe, baina lehentasunik gabe eta "ahalegin handiena" elebiduna ez den giza talde horri jarraraziz.

Sinplea bezain garrantzitsua iruditu zait beti niri kontu hau: zertarako logika sinbolikotik eta ez komunikatibotik pentsatutako paisaia linguistikoa? Zertarako esan edo idatzi lehendabizi gaztelaniaz eta ondoren euskaraz?


Iñaki Arruti
Lasarte-Oriako Udaleko euskara teknikaria.



Utzi iruzkina: