Outing

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2015-07-08 10:29

Lehen aldiz jakin.eus-en argitaratua.

Euskahaldun leloa erabili du Korrikak, ingelesezko empowerment kontzeptua nolabait gurera ekarrita. Euskaraz, aldiz, lau aditz erabili izan dira empowerment kontzeptua azaltzeko: konturatu, jabetu, ahaldundu eta boteretu. Nire ustez, gradualak dira lau horiek. Lehendabizi konturatu egin behar gara zerbait ondo ez dabilela. Ondoren, jabetu behar gara egoera hori menpeko egoera dela. Hori egin ostean, ahaldundu egin behar dugu geure burua. Eta, azkenik, prozesu indibidual askotxo batzen direnean, boteretze kolektibora heldu ahal izateko modua izango genuke.

Baina hirugarren aditzean jarri gura dut arreta. Ahalduntzean, alegia. Outing egitea eskatzen duen prozesua da ahalduntzea. Gure erosotasun gunetik atera (armairutik atera) eta deseroso egon gaitezkeen egoeretara salto egin. Beste modu batera esanda (eta Lorea Agirrek barka biezat lapurreta beste behin), plazan sartu, bazterretik erdigunera egin.

Prozesu hori psikologikoa da, jakina, baina hori baino askoz gehiago ere bada. Soziala da, kolektiboa da, politikoa da. Izan ere, ahalduntzeak geure buruari euskara plana egitea eskatzen du ezinbestean. Zer gaitasun dut eta zeintzuk beharko nituzke? Zer eremutan praktikatzen dut eta zeintzuetan gustatuko litzaidake erabiltzea? Zer emozio, bizipen dut eta zeintzuk izatea gustatuko litzaidake?

Barrukoa ematen du, pertsonala, norberarena. Dimentsio sakonagoa eta potoloagoa du auziak, ostera. Gaitasun, praktika eta emozio horiek hobetzea gure esku dago hein batean. Hala ere, kontxo, hizkuntza partekatzea da batez ere. Eta sentitzen dut, baina geure buruarekin ditugun elkarrizketak kenduta, beste guztiek gutxienez beste pertsona bat eskatzen dute, nahitaez.

Eta, horregatik, ezinbestean ahalduntze prozesuak aliatuak eskatzen ditu, lagunak eskatzen ditu, babestuko gaituztenak eskatzen ditu. Izan ere, prozesua soziala ere bada, talde mailakoa, jendartea eraldatu nahi den momentutik bertatik.

Eta ahalduntzea ere zentzu batean trebatzea da, ikastea da. Soziolinguistika domestikoan trebatzea, hain zuzen ere (gure kasuan behinik behin). Egunerokoan agertzen zaizkigun mila arazotxo soziolinguistikoentzat aterabideak bilatu nahi ditu soziolinguistika domestikoak. Eta horretan herren gabiltza oro har, salbuespenak salbuespen.

Baina kontuz. Denok beharko genuke oinarrizko formazio soziolinguistikoa (domestikoa nahi bada). Hala ere, ez zara meteorologoa izan behar haizearen norabidea zein den jakiteko (harako hark esaten zuen bezala). Eta, horretan ere, eredu izan daiteke feminismoa eta haren eraginez sortu diren Jabekuntza edo Ahalduntze eskolak. Eguneroko kontuei buruz trebatu eta entrenatzeko, aritu eta jakiteko.

Ikus dezagun ba, esate baterako, Tolosako Jabetze Eskolak bere buruari emandako definizioa (beste hainbat daude denon eskura Interneten bilaketa arina eginez gero):

Zer da Jabetze Eskola?
Ez da ohiko prestakuntza leku bat. Hori baino gehiago, erreproduzitu egiten du Mugimendu Feministak –emakumeok bizi dugun errealitateari izena jarri ahal izatearren– sortu zuen jakintzaren produkzio kolektibo eta partekatutako metodologia. Esperientziak, jakintzak eta narrazioak partekatzea da kontua, baina baita gorputzaz disfrutatzea ere, eta diskurtsoak, artea, errebindikazioak produzitzea, hau da, munduaz dugun pertzepzioa aldatuko digun eta, aldi berean, mundua aldatzeko tresnak eskainiko dizkigun esperientzia bat bizi izatea.
Espazio hau emakumeon partaidetza eta jabekuntza sendotzeko dago pentsatuta, eta gizarte justu, askotariko eta osoago bat lortzeko.

Beraz, erronka botako dut talaia honetatik: noiz irekiko du euskalgintzak lehen ahalduntze/jabetze eskola? Non? Nortzuk (euskara elkarteek, udaletako euskara zerbitzuek, elkarlanean)? Zer edukirekin? Dibulgazioa eta formazioa nork sustatuko du? Nork egingo du zabalkundea? Uste dut horrelakoekin esperimentatzen hasteko sasoi aproposa izan daitekeela honako hau.


Utzi iruzkina: