Nathual

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2015-02-05 08:27

Mexikon bizi dira nathualak. Aspalditxo egin zuten ikerketa antropologiko (soziolinguistiko) bat hango hiztunekin. Bi jarrera nagusi antzeman zituzten hiztun horien artean:

 

1. Nostalgiaren diskurtsoa deitutakoa: batez ere, adineko gizonezkoek darabilte, klase sozial ertain-altukoak. Haien iritziz, oraingo hizkuntza nahasi egin da, ez da purua. Eskolarekin aurreratu da, espainieraren ezagutza handitu da, baina oraingo (orduko) gazteek errespetua galdu dutela uste dute.

 

2. Nostalgiaren kontra-diskurtsoa deitutakoa: batez ere, andrazkoek darabilte. Adinekoak eta klase sozial guztietakoak (pobreak zein pobreak ez direnak). Haien iritziz, lehen hizkuntza puruagoa zen, baina pobrezia handia zegoen, ez ziren garai hobeak. Oraingo gazteek errespetua lehengoen antzerakoa dutela uste dute, baina behintzat orain irakurtzen badakite. Hori bai, espainieraz egiten dute euren artean.

 

Nire ustez, diskurtso biek kalte egiten diote nathual hizkuntzaren geroratzeari. Lehenengoak ez du uzten lexiko berria jasotzen. Hizkuntza jendartearen beharrei egokitu behar da. Bestela, tresna kamutsa da. Ez da jendarterako baliotsua.

 

Bigarren diskurtsoak, berriz, modernitatea, aurrerapena, garapena espainierarekin lotzen du. Eta, kasu honetan ere, nathual hizkuntzak ez du balio.

 

Beraz, hirugarren diskurtsoa (eta hari lotutako praktikak) eraiki behar da, ezta?


Utzi iruzkina: