Kontsumitzen ...

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2009-10-29 18:37

Euskal kultura kontsumitzen den ala ez den kontsumitzen, horrek ere kezkatzen gaitu askotan. Horren adibide, bi ilustreen komentarioak, kritikak edo dena delakoak:

Erramun Osa:

"Hamarkada gitxi batzuetan euskeraz berba egiteko gauza diran pertsonak ikaragarri hazi diran arren (..) euskeraz ekoitzitako produktuen kontsumoak ez dau neurri berean gora egin. (..) Horrelakoetan, kanpo-faktoreei erreparatzen jake askotxotan: herri-aginteen babes urria, kontsumitzaileen kontsumo-ohiturak, produktuen ezagutzarik eza eta abar. Barne-faktoreei, ostera,  gitxitan erreparatzen deutsegu: produktuak euskeraz eskaintzeaz gainera, orobat interesgarriak/erakargarriak ete diran kontsumitzaileentzat. Izan be, babes eta laguntzarik zabalena eskaini arren, euskeraz ekoitzitako hainbat produkturen gainbeherea ezaguna da; halanda be, euskeraz dagozalako mantentzeko erabagia hartu da. Noz arte? Zentzurik ete dauka bitartekoak-eta baliatzea etorkizunik ez dauken proiektuetan, osterantzekoetarako nahikoa baliabide ez dagoenean? Euskeraz ekoitzitako produktuen artean lehentasunak ezarri ez eze, ez ete gendukez aztertu behar ikuspegi autokritikoago batez eta funtzionatzen dabenak bultzatuz, funtzionatzen ez dabenak baztarrean itxiz, merkatu-gune barrietara ailegatu leitezan horreetan inbertituz?".

Kike Amonarriz:

"Euskarazko kultur kontsumoaren hedapena eta garapena 3 ardatzen inguruan burutu beharko da: derrigorrezkotasuna, eskuragarritasuna eta erakargarritasuna

  • Derrigorrezkotasuna:

    Euskarazko kultur produkzioak lege-babesa behar du. Euskararen presentzia, eskaintza eta erabilera bermatu egin behar dira; baita kultur alorrean ere.

  • Eskuragarritasuna:

    Lege-babesak eta derrigorrezkotasunak, ordea, mugak dituzte eta izan behar dituzte. Horregatik, hil ala bizikoa izango da, euskarazko DVDak, aldizkariak, liburuak, jokoak, etab. eskuragarri izan daitezen lortzea; merkatuak erdarazkoen edo ingelesezkoen eskuragarritasuna bermatzen baitu.

  • Erakargarritasuna:

    Gainera, produktu horiek erabiliak, kontsumituak edo/eta erosiak izango badira, gustukoak, erabilgarriak edo interesgarriak izan beharko dute."


"Merkatua zabaldu beharra dago, horretarako produktu egokiak ekoiztuz

  • Nabarra aldizkarian esan nuen: "Abangoardiako produktuak behar baditugu ere, alegia, iparra markatuko duten liburuak edo filmak... batez ere jendeak kontsumituko dituen produktuak behar ditugu: ikusle, irakurle eta entzule berriak lortu behar ditugu".
  • Hitz horiei horrela erantzun die Patxi Zubizarretak Argian: "Irudipena dut ez dugula publikoa behar bezainbeste aintzat hartzen, eta nago sortzeko orduan horri ere kontu gehiago egin behar geniokeela. Oso iritzi errealista da Amonarrizena, -eskerrik asko- pragmatikoegia agian hain zaharkituta dagoen sortzaile jendearentzat, baina hitzok inondik ere koitoarekin zerikusi handiagoa dute masturbazioarekin baino eta zer pentsa ematen dute."

"Gure 7 bekatu nagusiak aitortu eta baztertu behar ditugu

  • Alegia: biktimismoa, ezkortasun kronikoa, baikortasun alferra, akritizismoa, inmobilismo subentzionatua, dirigismoa eta inbidia."


Utzi iruzkina: