Irakurgaiak: Hiztunpolisa
Euskararen garabideei buruz orain dela 25 urte plazara irten zen liburu ezinbesteko bat: Un futuro para nuestro pasado. Liburu horrek soka handia ekarri zuen bere garaian eta, gaur egun ere, euskal soziolinguistikan aipatuena izango da.
25 urte beranduago, Hiztunpolisa liburua erditu du Jon Sarasuak. Nire ustez, beste mugarri handi bat ipini beharko lukeen liburua, Txepetxen liburua bezala, aizue. Bigarren edizioa atera dela entzun dut, eta benetan pozten naiz.
Liburu mamitsua da, probokatiboa, ezberdina, gurean zentratua. Kontzeptu berri askotxo dakar, diskurtso berri baterako mamia, geroari begirako proposamen ausart eta sakonak. Ideia organikoak, Sarasuak berak esaten duen moduan.
Topaguneak bere kongresuan mamitutako diskurtso berriaren zantzu asko antzematen dira Hiztunpolisa liburuan. Han akaso gordinago agertzen ziren hemen baino, baina bidexka berdinetik dabiltza hangoak eta hemengoak.
Biblia berri bat ondu zaigu. Geroan mila bider aipatua izango den liburua dela ematen du. Oihartzun dezente izaten ari baita. Lehen edizioa erosi dugunok, hala ere, (ez dakit bigarrenean konpondu den) mila akats topatu ditugu liburuan. Akats ortografikoak, xuxen pasatuta konponduko zirenak arazo barik.
Blog honetara liburutik ateratako bi pilula ekarri ditu dagoeneko: Soziolinguistikako jakintza eta Sukalde proiektua. Beste hainbat etorriko dira gero.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: